GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Lana eginez gozatu nuen Kilometroak egunean»

p016_f01_196x148.jpg

Igor Elortza
Kilometroak 2008ko koordinatzailea

Igor Elortza ormaiztegiarra, Gipuzkoako Ikastolek antolatzen duten Kilometroak jaiaren koordinatzaile lanetan aritzen da duela zazpi urtetik. Irurako jaia pasa ondorenean, erabilitako guztia jasotzen eman dituzte egun hauek. Azken hilabete gogorraren ondoren, «lo beharrean» dagoela aitortu zuen.

Janire ARRONDO |

Nolako emaitzak utzi ditu Irurako Kilometroak egunak?

Zirkuituan izan zen jende kopuruagatik benetan gustura geratu gara. Baita ekitaldiek izan zuten harrera eta parte-hartze handiagatik ere. Ikastolako guraso zein irakasleak ere gustura geratu dira izandako erantzunarekin. Gainera, Renfek zenbakirik eman ez badigu ere, jende askok erabaki zuen trenez etortzea, eta hori lortzea zen gure erronketako bat. Bestalde bizikletaz etortzearen berrikuntzari ere ondo erantzun zion jendeak. Guneak eta zirkuitua bera ere txiki geratu ziren irudipena dugu. Beraz, alde horretatik, aurreikuspenak bete egin ziren.

Emaitza ekonomikoari dagokionez, hori ez da sekula nahikoa izango, beti beharko baita gehiago. Hala eta guztiz ere, oraindik ez daukagu jakiterik igandeko festak zenbateko irabaziak eman zituen.

Behin eta berriz entzun dugu Irura dela orain artean Kilometroak jaia antolatu duen herririk txikiena. Zer dakar horrek?

Alde onak eta txarrak ditu herri txikia izateak. Kontua da horrelako festa bat antolatzeko jende asko behar dela, bai urtean zehar lanean aritzeko eta baita egunean bertan ere; eta herri txiki batean hori falta da.

Bestetik, badu alde ona ere, hurbiltasun handia lortzen da lanean gabiltzanak gutxiago izanda. Horrek asko balio du, giro ona sortu eta lana arinagoa bihurtzen baita.

Horrelako festa antolatzerakoan zer izan da buruhauste gehien eman dizuena?

Batez ere segurtasunak eman digu lana. Aurten esfortzu berezia egin behar izan dugu arlo horretan. Edonon, jende multzo handiak biltzen diren lekuan beharrezko dira hainbat neurri hartzea ezbeharrak gerta ez daitezen, eta gertatzen badira ahalik eta irtenbide onena eman ahal izateko.

Irurako kasuan arazorik handiena, edo gehien arduratzen gintuena ibilbidearen zati batzen N-I errepidearen ingurutik pasatzen zela zen. Arrisku puntu handia zen hori, eta buruhauste ugari ekarri zizkigun. Horrelakoetan, gauzak ondo joanez gero ez dago zertan ezer gertatu. Hala ere, beti dago ankerkeriaren bat egitea, errepidera irtetea esaterako, bururatzen zaion baten bat. Hori ekidin beharra zegoen, eta horrek lan handia ematen du.

Urte osoa lanean eman duzue Kilometroak antolatzeko lanetan ibili zaretenek. Izan al zenuten egunean bertan gozatzeko aukerarik?

Urte osoan bezala, egun horretan ere lanean aritu ginen gelditu gabe. Goizean goiz lanean hasi, egunean zehar lanean segi, eta gaueko ordu bi eta erdiak inguruan amaitu genuen. Hala ere, bitartean ogitartekoren bat jateko-edo tarterik hartu genuen. Eguna lanean eman arren, asko gozatu genuen. Lana gozatuz egin genuen.

Zer izan du ezberdin Irurak gainerakoekin alderatuta?

Azpimarratzekoa izan da urtean zehar egin den ekitaldi sorta. Urte osoan zehar lan handia egin dugu Iruran, ekintza ugari antolatu ditugu. Lehengo urteko azaroan hasi ginen gogor lanean eta ordutik hona ia geratu ere egin gabe eman dugu urtea.

Horrela bat-batean burura etortzen zaizkidanen artean, batetik, Tolosako Leidor aretoan jende andana bildu zuen ikuskizuna egin genuen Pirritx eta Porrotx pailazoekin. Beste batean moda desfilea ere egin genuen, gero herriz herri saltzen direnak erakusteko. Apirilean rally-a antolatu genuen, eta bigarren eskuko produktuen azoka ere bai. Eguneko bereizgarri berriz, jende izugarri hurbildu zela eta giro bikaina sortu zela Irura eta Anoeta arteko ibilbidean.

Nabarmentzekoa da, bestalde, Kilometroak egunaren aurretik irailean bertan izan zirela Irurako jaiak. Festa asko elkarren atzetik, eta horrek erabat nekatuta utzi gintuen.

Behin Irurako Kilometroak jaia igarota, Donostiako Zurriolaren txanda iritsi da...

Hasi dira lanean dagoeneko! Zurriola ikastolari egokitu zaio datorren urteko Kilometroak jaia antolatzea, eta dagoeneko martxan dira zenbait prestaketa lan. Garaiz hasi beharra dago, bestela denbora pasa egiten da. Nik orain atseden hartuko dut. Egun luzeak eta gogorrak izan dira, eta lasaitasuna eta atsedena hartu beharra daukat. Egun hauetan behintzat, lo beharrean nago.

 

herri txikia

«Jende asko behar da lanerako, eta hori falta zen Iruran. Bestalde, lanean ari garenon arteko tratua estuagoa izaten da»

segurtasuna

«Jende multzo handiak biltzen diren lekuan beharrezkoa da hainbat neurri hartzea, ezbeharrak gerta ez daitezen»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo