GARA > Idatzia > > Mundua

«Nova» operazioan zigorturiko hamalau absolbitu ditu Auzitegi Goren espainolak

Baltasar Garzonek «terrorismo islamista» delakoaren kontra «Nova» operazioaren bidez hasitako prozedura dela eta, kartzelan ziren hamalau pertsona absolbitu ditu Auzitegi Goren espainolak. Auzitegi Nazionala erasotzeko asmoa egotzi zien Garzonek, baina ez zuen frogatu.

GARA |

Auzitegi Nazionalak zazpi eta hamaika urte bitarteko espetxe zigorra ezarri zien «Nova» delako operazioan atxiloturiko hamalau islamistei, baina Auzitegi Goren espainolak absolbitu egin ditu.

Auzitegi Nazional espainolaren egoitzaren aurkako atentatu bat prestatzeagatik zigortu zituen epaitegi bereziak.

Bestalde, zelula islamistaren burutzat jotzen duen Mohamed Ashraf-en aurkako epaia berretsi du Gorenak. Topaseko espetxean zelula islamista bat antolatu eta zuzentzeagatik zigortu zuen Auzitegi Nazional espainolak.

Gorenaren erabakiaren berri izan eta berehala, Auzitegi Nazionalaren Zigor Aretoko hirugarren atalak, gertakari hauek epaitzeaz arduratu zenak, presoak askatzeko agindu zuen.

Beste lau preso ere askatu zituzten Gorenean helegitea aurkeztu zutenean, ezarri zieten zigorraren erdia bete zutelako.

Gorenak epaia jakinarazi baino ez du egin, argudiorik eman gabe. Bestalde, bere horretan utzi du «erakunde terroristan parte hartzeagatik» bost eta hamalau urte bitarteko espetxe zigorra Mohamed Ashraf (14 urte), Said Afif (10), Kamara Birahima (7), Siah Mokatar (9), Murad Iala (7 urte, eta beste bi urte dokumentua faltsutzeagatik) eta Ziani Mahdi-ri (5) dagokionez.

Auzitegi Nazionalak «erakunde terroristan parte hartzeagatik» zigortu zituen, baina Fiskaltzak hala eskatu bazuen ere, ez zieten egotzi Auzitegi Nazionala erasotzeko asmoa izatea.

«Nova» operazioa 2004ko urrian hasi zen Auzitegi Nazional espainoleko Baltasar Garzon epailearen zuzendaritzapean. Orotara, 43 atxilotu izan ziren, eta 2006ko martxoan, Fernando Grande-Marlaskak 33 prozesatu zituen.

epaiketa

2007ko urritik 2008ko otsailera arte Auzitegi Nazionalean burutu zen epaiketa Estatu espainolean islamisten aurka egin den bigarren handiena izan zen, M-11koaren atzetik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo