«Herri hau eraldatzen ari gara eta horri heltzera dei egiten diegu belaunaldi berriei»
Urte hasieran abiatu zituzten Hala Bedi Irratiko eta Gasteizko Gaztetxeko urteurrena ospatzeko ekimenak, eta larunbatean izango dute hitzordu nagusia. «Piztu Gasteiz. Okupa tu lugar» lelopean, jaialdi handia egingo dute Alde Zaharrean, gazte zein helduentzako programa erakargarria lagun dutela. Bagore Amondarainek eta Ane Zelaiak, beren kideek legez, gauza bakarra dute egun hauetan buruan.
Iker BIZKARGUENAGA |
Egunak zenbatzen ari dira Hala Bedi Irratiko eta Gasteizko Gaztetxeko kideak. Buru-belarri ari dira azken hilabete, aste eta egunetan, heldu den larunbateko jaialdia prestatzen, eta hitzordua noiz helduko irrikan daude dagoeneko. Izan ere, ez dira egunero 20 eta 25 urte betetzen, eta, ospakizunak, zalantzarik gabe, merezi du.
Zer aurkituko dute datorren larunbatean Alde Zaharrera etorriko diren gasteiztar zein bisitariek?
ANE ZELAIA: Auzo bizi bat aurkituko dute. Gaztetxean eta Hala Bedi-n egiten dena kalera ateratzeko asmoa eta herri mugi- menduaren aldarrikapen guztiak aurkituko dituzte. Ez dute jaia bakarrik aurkituko, egun honen helburua gure mezua kaleratzea ere bada, autogestioaren eta asanbladaren aldarria egitea. Musikaz, kale animazioaz eta sekulako giroaz gain, Hala Bedik eta Gaztetxeak dituzten oinarri ideologiko horiek guztiak kalean ikusiko dira.
NAGORE AMONDARAIN: Denontzako eskaintza egongo da. Haurren gunea garrantzitsua da. Hemendik pasa den jende asko gaur egun guraso da, eta haurren gune horrek sinbolismo puntu bat ere badauka, azken batean, etorkizuneko belaunaldi bat ere hor bilduko baita. Gero, musikak garrantzi handia izango du, herri mugimenduak bere gunea izango du, komunikazio gune bat ere egongo da... egun horretan gure ezaugarri guztiak presente egongo dira.
Larunbateko jaialdi honekin emango diozue bukaera Gaztetxearen eta Hala Bediren urteurrenak direla-eta urte hasieran abiatutako kanpainari. Zein balorazio egiten duzue egindako lanaren gainean?
A.Z.: Jaialdia urte guztiko elkarlanaren emaitza izango da. Kalera begira unean uneko ekimen deigarriak izan dira urte osoan. Besteren artean inauteriak, komunikazio jardunaldiak, Gasteizko jaiak, kaleak berreskuratzeko ekimena... Balorazioa ona da. Gasteizen, eta Euskal Herri osoan, dagoeneko jakin badakite gasteiztarrontzat urte berezia izan dela, Gaztetxeak eta Hala Bedik 20 eta 25 urte bete dituztelako, hurrenez hurren.
N.A.: Nik esango nuke urtean zehar motorrak berotzen ibili garela, indarrak neurtzen. Une puntualetan larunbatekoak baino gauza arinagoak egin ditugu, jendea biltzen ibili gara, eta azkeneko bi asteetan denak elkartu gara eta gure indar guztia ematen ari gara. Orain arteko ekimenak lokalagoak izan dira, arabarrei zuzenduak gehienbat, eta orain Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu.
20 eta 25 urte bete dituzue dagoeneko. 40 eta 45 betetzeko itxaropenik bai?
BIEK: Bai noski!
A.Z.:Egunaren xedea ere horixe da. Hemendik pasatako jende guztiari eginiko omenaldia izan nahi du, baina belaunaldi berriei egindako deia ere bai. Hemendik aurrera jende gehiago beharko da gaztetxean, jende gehiago Hala Bedi Irratian, eta herri mugimenduan.
N.A.: Azken finean larunbateko ekimenak balio behar du esateko herri hau eraldatu nahi dugula, horretan ari garela, eta horretara animatu nahi ditugula datozen belaunaldi guztiak.
Hala Bedi Irratiko eta Gaztetxeko kideek urtetako esperientzia duzue herri mugimenduan lanean, baina zer-nolako esperientzia izan da hilabete hauetan guztietan elkarrekin lan egitea?
ANE ZELAIA: Beti egon izan da konplizitate puntu bat Hala Bedi eta Gaztetxearen artean. Urteetako ibilbideagatik, biak oso momentu berezian jaio zirelako, eta bietan giro bereko jendea egon izan delako. Eta orain berriro bildu gara. Oso kolektibo desberdinak dira biak, irrati bateko eta gaztetxeko militantzia desberdinak dira, baina oinarriak berberak dira; asanblada bitartez funtzionatzen dute biek, nahiz eta antolatzeko moduak desberdinak izan, eta esperientziak merezi izan du.
NAGORE AMONDARAIN: Aipagarria iruditzen zaigu hilabete hauetan konturatu garela badagoela Hala Bedi Irratitik eta Gaztetxetik, bietatik, pasatu den jendea. Konturatu gara herri honetan jende askok zapaldu dituela biak, Hala Bedi Irratia eta Gaztetxea, eta horrek zerbait esan nahi du.
A.Z.: Gainera, aurreko urteetan horrelako ekimen bateratuak egin ez arren, Gasteizko Gaztetxeak beti izan du Hala Bedi erreferentzia komunikatibo bezala, behar izan dugunean harengana jo dugu Gaztetxeko kontuen berri emateko; eta alderantziz ere bai, Gaztetxeak beti izan du espazio bat Hala Bediko jendeak jaialdiren bat edo beste ekimenen bat antolatu nahi izan duenean. Oinarri sendoak zeuden elkarlanerako.