Zinebiren berrogeita hamargarren edizioa hausnarketaz betea dator
Zinemak eta Bilbok berrogeita hamar urte hauetan izan duten bilakaeraren gainean hausnarketa egiteko parada izango da azaroaren bukaera arte, Zinebiren eskutik. Zuzendari emakumeei eskainitako zikloa, zuzendari euskaldunei eskainitakoa eta beste hainbat zikloz gain, historia ezagutzeko erakusketa bat ere bisitatu ahal izango da. Azaroan bukatuko den jaialdian, gainera, musika emanaldiak eskainiko dituzte; guztira hiru kontzertu izango dira.
GARA | BILBO
Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraia Nazioarteko Zinemaldiak 50 urte bete ditu eta historiari errepasoa eginez, larunbatean hasiko da ekintzaz betetako aurtengo jaialdia. Julian Lopez eta Raul Cimasen monologoek («Muchachada Nui») emango diote hasiera Zinebiri.
«Etorri eta begira» izeneko programaren barruan, erakusketez eta kontzertuez gain, hainbat zinema ziklo jaso dituzte. Hasteko, urriaren 13an emakumeek zuzenduriko film laburren zikloa aurkeztuko dute, «Zinemakumeak» izenekoa. Bertan, besteak beste, Cecilia Bartolomeren «Margarita y el lobo» edota Diana Paz eta Lucinda Torrek zuzenduriko «Resistencia» filmak emango dituzte.
Euskal zinemagileak Zinebin
Dokumentalak, fikzioa eta animazioa ardatz hartuta, euskal zinemagileek Zinebin izan duten presentzia ere gogorarazi nahi izan dute antolatzaileek.
Hala, Elias Querejeta, Montxo Armendariz, Asier Altuna, Iñaki Nuñez, Julio Medem edota Izine Oñaederraren lanak ikusteko parada izango da urriaren 27tik 30era iraungo duen zikloaren bitartez. 1960an Querejetak Zinebiko saria jaso zuen «A través de San Sebastian» dokumentalarekin eta huraxe botako dute zikloa estreinatzeko. Fikzioari dagokionez, Armendarizen «Barregarriaren dantza», 1979an saritua, ikusi ahal izango da eta animazioan, berriz, Iñaki Nuñezen «Herrialde Berdea».
Sona handiko hainbat zuzendariren film laburrak ere bilduko ditu Zinebik, jaialdian inoiz sarituak suertatu diren zuzendarienak. Azaroaren 11tik 18ra Carlos Saura, Juanma Bajo Ulloa, Jose Luis Garci edota Javier Aguirreren lehen lanak, besteak beste, izango dira protagonista.
Zinema eskolen arteko topaleku ere izango da Zinebi. Bilboko zinema eskolako, BLHI Erandio Tartangako eta EHUren Arte Ederretako eta Gizarte Zientzia eta Komunikazioko Fakultateko ikasleak euren azken urteetako filmeak erakusteko bilduko dira.
Proiekzioak baino gehiago
Berrogeita hamar urteko ibilbideak askorako ematen du eta hala erakusten du «Zinebi eta Bilbo: 50 urte laburrean» izenburuarekin antolatu duten erakusketak. Bertako argazkiek, kartelek, egunkarietako artikuluek, ilustrazioek eta filmatutako irudiek, hiriaren eta zinemaren azken bost hamarkadak hiru gai nagusien bidez azalduko dizkiete bertaratutakoei: Zinebiren historia, zinearen presentzia Bilbon eta hiriko albis- teak, hain zuzen. Azaroaren 5etik 29ra arte egongo da ikusgai eta sarrera doakoa izango da.
Bestalde hiru izango dira jaialdiaren barnean izango diren musika emanaldiak. Azaroaren 8an Glenn Anthony Henry musikaria eta Calo Coupe DJak beren proiektua aurkeztuko dute. Jaialdia bukatzear dagoenean, berriz, hilaren 25ean eta 28an Teresa Iturrioz eta Andy Smith DJa izango dira.
Ekintza horiez gain, 48 ordutan Bilbon filmatutako film laburren lehiaketa ere izango da. Azaroaren 22an parte-hartzaileen filmak emango dituzte eta egunean bertan erabakiko dute sariduna nor izango den.
Umorearentzat ere lekua eginez, Zinebik, «El Karma»k eta humorenlared.com guneak hautatutako zinemako umore gag onenak ere eskainiko dituzte.
Film laburren zikloak beraz, badu osagarririk Bilbo eta zinemaren arteko lotura ezagutzeko bidean. Horien artean aipatu beharreko bat, halaber, Gracia Querejetak gidoiari buruzko ikastaroa eskainiko duela.
Ekintza gehienak egiteko elkarteak izandako lehen egoitzara itzuliko dira, Gran Via zinemara, hain zuzen ere. Bertan jaso zuen 1959an Carlos Saurak Zinebiren saria.