GARA > Idatzia > > Mundua

AEBetako historian hauteskunde kanpainarik luzeena eta garestiena

AEBek orain arte izan duten hauteskunde kanpainarik luzeena -20 hilabete luze- eta garestiena izango da azaroaren 4an amaituko dena. Lege murrizketen gainetik, betikoek -dirudunek alegia- izan dute protagonismoa oraingoan ere diru-laguntzak bideratzeko orduan.

GARA|

Ameriketako Estatu Batuetako azken hauteskunde kanpaina historiako luzeena eta garestiena da.

Presidentziarako lasterketa luzea primarioekin hasi zenetik, hautagai guztiek 1.300 milioi dolar jaso dituzte. Lehian ari diren bi hautagaiak izugarrizko dirutza gastatzen ari dira.

Hauteskunde Batzorde Federalak aurreko irailean eman zituen azken datuen arabera, Barack Obama hautagai demokratak 454 milioi dolar jaso ditu, eta horietatik 377 milioi gastatu ditu dagoeneko. Izan ere, 2 milioi pertsonek eman diote dirua senatari beltzari, sekula eman ez den kopurua.

John McCain presidentegai errepublikarrak, aldiz, 230 milioi dolar eskuratu ditu eta 194 milioi gastatu.

Dirutza honekin ez da zaila izan kanpaina ordaintzea: ehunka bidaia, abstentzionistak eta nori botoa eman zalantzan daudenak mugiarazteko saiakerak, lehia erabakiko duten estatuetan telebista-iragarkiak, kontseilari estrategikoen soldatak...

Guztira, 20 hilabete iraungo du maratoi luze honek, 2007ko urte hasieratik urrira arte.

Teorian behintzat, ia dirutza hori guztia partikularrek eman dute (%94 Obamaren kasuan eta %80 McCainenean), legeak jartzen duen baldintzen arabera. Izan ere, eta McCainek berak eta Ruussell Feingoold Wisconsingo senatari demokratak bultzatuta, kanpainak finantzatzeko lege berria onartu zen 2002an, beti ere hauteskundeetan lobbyen, enpresa handien eta aberatsenen eragina oztopatzeko asmoz.

Legea eta iruzurra

Hala ere, legeak iruzurra dakar beti, baita kasu honetan ere. «Egia da partikular batek 2.300 dolar baino ezin dituela eman, beti ere hautagaiak diru-laguntza publikoei uko egin badie (Obamaren kasua), baina badaude aukerak. Alderdiari 28.000 dolar eman diezazkiokezu, bai eta estatu bateko edota besteko alderdikideei ere. Horrela 180.000 dolarrera irits zaitezke», ohartarazi du Massie Ritsch adituak.

Gainera, diru asko gala-afarietan lortzen dute hautagaiek, eta horien antolakuntzaren atzean betikoak daude. «Wall Street-en, finantza-arauak aldatuko direnean zeresana izatea espero duten banka-gizonak txapeldunak dira horrelako diru-bilketak antolatzeko orduan», salatu du Etienne Truchotek, «Obama-McCain, diruaren kolorea» dokumental berriaren egileak.

Bi aldeek gainera, elkarri leporatzen dizkiete iruzurrak; orokorrean atzerritik edota zergak ordaindu behar ez dituzten erakundeetatik diru-laguntzak onartu izana.

internet bidez

Lehen aldiz, milaka gaztek Obamari bere kanpaina sostengatzeko dirua eskaini diote internet bidez; kasu gehienetan 200 dolar baino gutxiagoko kopurua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo