MMX, hiru kantari, hiru estilo, Argentinara bidean euskal kantuekin
Maialen, Mixu eta Xabaltx dira MMX. Ipar Euskal Herriko musikaren munduko hiru erreferente ezberdin, hiru estilo ezberdin elkartu dira MMX diskoa egiteko. Euskal Herriari eta diasporari begira, disko honetan euskal kantu zaharren bertsio berriak grabatu dituzte. Argentinara bidaia hasteko egun gutxi batzuk besterik falta ez direnean bi kontzertu eskainiko dituzte. Gaur lehena Baionako Xina tabernan, eta bigarrena hurrengo larunbatean ELBko bestan Makean.
Idoia ERASO | BAIONA
«Hiru nortasunek, bai pertsona bai musika mailan, osatzen dugu MMX. Kontzertuetan eta bestetan topo egiten genuen eta elkarrekin zerbait egitea proposatu ziguten» esanez azaldu zuen Maialen Errotabeherek egitasmoa.
«Elkarte bat gara, hiru kantari elkartu gara zerbait egiteko umore onean eta naturalki», adierazi du Errotabeherek. Sustrai taldeko Mixuk argi utzi nahi izan zuen hala ere: «Ez gara talde bat, elkarte bat gara».
Disko hau Euskal Herriko jendeari zuzendua egoteaz gain diasporako entzuleentzat ere egin dugu. «Martxoan Eusko Sareko Benoit Etxeberrirekin elkartu ginen eta berak Argentinan barrena itzuli bat egitea proposatu zigun, berak antolatuko zuela guztia», adierazi zuen Mixuk. «Martxoan ikusi genuen Benoit eta apirilean egin genuen diskoa», gaineratu zuen kantariak.
Bidaia urriaren 19an hasiko da, eta hamabost egunez Argentinan hainbat kontzertu eskainiko dituzte. Lehendabizi, Buenos Airesen egongo dira, eta hilaren 24 eta 25ean La Platako «Euskal Astean» joko dute.
«Argentinako kontzertuetan lehen astea ia betea da. Baina antolatua denaz gain egin nahi dugu jendea gurutzatzeko, taberna batera sartu eta poteoan bezala gitarra atera eta kantatu», nabarmendu zuen Sustraiako kantariak beren filosofia azaltzeko.
Euskal kantu zaharrak
Maialen Errotabeherek diskoa euskal kantu tradizionalez osatzearen arrazoia horrela azaldu zuen: «Kantu tradizionalak egiten hasi ginen, zeren bakoitzak badu bere errepertorioa eta nahi genuena elkarrekin betiko kantak ematea zen, ttipitatik ezagutzen ditugun kantuak eta plazerra egiteko».
Plazerra ematea oso garrantzitsutzat hartzen du kantari ezpeletarrak: «Oso inportantea da hori egitea, afarietan eta familiarekin egiten den bezala. Berriz hartu dugu gure artean plazer hori».
«Hiru mundu dira elkartzen eta hori aberasgarria da. Hirurak sorkuntzan ari gara eta elkartuz, betiko kantak eginez, bakoitzak zerbait ekartzen du. Kantu zaharrei zerbait ezberdina ematen die», esan zuen Errotabeherek. Mixu umoreaz mintzo zen aldi berean: «Bakoitzak badu bere umorea, bere gauza, eta horrekin egiten dugu nahas-mahas bat».
Diskoko kantu guztien artean arrakasta handiena izan duena «Hegoak»en bertsioa izan dela nabarmendu zuen Mixuk «Eskaini ditugun kontzertuetan «Hegoak» kantuak sekulako arrakasta izan du». Bestalde, abeslari gaztea harrera onarekin harritu zen. «Bitxia izan da arrakasta hori; konturatu gara hamaika aldiz moldatua izan den betiko kanta izanik ere zelako arrakasta izaten ahal duen».
Abestia diskoan izatea sorpresa izan zela azaldu zuen Errotabeherek: ««Hegoak» ez zen gure diskoan izan behar, azken momentuan egin genuen estudioan irudiak behar zirelako klipa egiteko. Baina teknikariak dena grabatu zuen eta gero entzutean konturatu ginen bikaina zela».
««Hegoak» hemen ibiltzen da, baina harrigarria da, Tolosan eta Bordelen ere ezagutzen baitute», esan zuen Mixuk. Errotabeherek bestalde, Amerikan ere ezagutuko dutela uste duela esan zuen: «Argentinan ere ezagutuko dute, han badute herrimina zinez azkarra, eta badute Euskal Herriari buruzko ikuspegi idilikoa eta euskal kantu zaharrak ezagutuko dituzte».
«Kontzertu guztiak urririk dira, duela 40 urte bezala, txapela pasatzen dugu», jakinarazi zuen Mixuk. Diskoaren eta kontzertuen bitartez, jendea kantatzen jartzea dutela xede nabarmendu zuen Errotabeherek: «Bada zerbait sortzen dena, jendeak kantatu nahi baitu eta ikasten dute. Kantu horiek bizirik egoten dira berriz moldatzen dituzularik, eta horrela ikasten da hori badela euskal ondarean. Duela hamar urte Baionan «Kantuz» egiten da; ikusten da jendeak maite duela kantatzea».
«Diskoa oso ondo saltzen ari da Ipar Euskal Herrian, eta kontzertuetan ere asko saltzen ari gara. Bi kontzertutan 70 disko saldu ditugu, harrigarria da», esan zuen Maialen Errotabeherek, pozik.
«Hiru mundu dira elkartzen eta hori aberasgarria da. Hirurak sorkuntzan ari gara eta elkartuta, betiko kantak eginez, bakoitzak zerbait ekartzen du», azaldu zuen Maialen Errotabeherek
«Martxoan Eusko Sareko langile bat ikusi genuen, eta proposatu zigun Argentinan barrena itzuli bat egitea. Berak antolatuko zuela dena. Beraz, apirilean egin genuen diskoa eta orain bagoaz», esan zuen Mixuk