GARA > Idatzia > > Euskal Herria

NUPek euskara plana euskarari eskainitako egunarekin hasi du

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2007-09 ikasturteetarako aurkeztutako Plan Estrategikoaren lehen ekintza atzoko «Euskararen Eguna» antolatzea izan da. Planak ikasgai gehiago euskaraz ematea jasotzen badu ere, atzoko jaialdi «folklorikoa» da orain arte egindako guztia.

p014_f03_097x076.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Euskararen Eguna antolatu zuen atzo. Goizean NUPen eremuko eskulturak ikusten aritu ziren, eta ondoren Asisko Urmenetak hitzaldi bat eman zuen. Arratsalderako, berriz, Berri Txarrak taldearen dokumental bat eta bertsolarien saioa antolatu zituzten, The Uski's taldearekin amaitzekoa zelarik eguna.

NUPeko ikasleen artean egin dituzten ikerketek euskaldunen kopurua igo dela adierazten dute: aurten sartutakoen %38k badu nolabaiteko ezagutza; 2000. urtean euskal eredutik selektibitatea egitera joandakoak %15,13 ziren, aurten, berriz, %21,08 izan dira. Modu berean, duela zortzi urte gutxieneko maila zutenak %8 ziren eta ezagutza maila ona zutenak, berriz, %17,95; aurten, berriz, gutxienekoa dakitenak %12,78 dira eta maila ona dutenak %25,75. NUPeko ordezkariek diotenez, «ikasleek beste lekuetara jo ez dezaten bertako ikasketak egokitu nahi dira», eta asmo horrekin azaldu zen 2007an Euskararen Plan Estrategikoa.

Besteak beste, «hizkuntzen mapa osatzea eta euskaraz eskainiko den irakaskuntza diseinatzea», eta euskara ikasteko eta Unibertsitatean erabilera bultzatzeko asmoak jasotzen dira. Julio Lafuente errektore izendatu zuten orduan. Atzo NUPeko irakasleek, ikasleek eta kideek azaldu zutenez, «errektore bakoitzak `euskararen arazoa' delakoari amaiera emateko planak landu ditu» baina horrek ez omen du egoera apenas aldatu duela 20 urte unibertsitatea sortu zenetik. NUPek ikerketak aurkeztuz euskal ikasleen gorakada ahotan izan arren horien hizkuntz eskubideak errespetatzeko ez duela ezer egiten salatu zuten. Atzoko jaialdia «hitzaldi pare batekin eta musika apur batekin euskaldunak pozik gelditu eta aseko direlakoan» antolatu dela adierazi zuten; gaur egun NUPen euskara presente badago «irakasleek, ikasleek eta kideek egunero euskararen eguna izateko egindako esfortzuari» zor zaiola azpimarratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo