GARA > Idatzia > > Ekonomia

Kelan-en espedienteak langileak «babesik gabe» uzten dituela salatu du LABek

GARA |

LABek «gogor» salatu zuen atzo Lan Ordezkaritza, Lasarteko Kelan Elektronika S.A. enpresak aurkeztutako enplegu-erregulazioko espedienteari baiezkoa emateagatik. Bere ustez, ekimen honek langileak «babesik gabe» uzteaz gain, «enpresaren interesak bakarrik defendatzen ditu».

LABek aipatu zuenez, espediente honekin langileak «astean bost egunetik hirutan lanean eta beste bitan langabezian egongo dira sei hilabetez». Lasarteko enpresaren arrazoiak «produkzioan oinarrituak dira», sindikatuaren ustez. Hau da, «espedientea aurkeztu eta Lan Ordezkaritzak onartzeko arrazoi bakarra azken hilabeteetako produkzio jaitsiera eta espedientearen ondorioz lortuko dituzten aurrezkiak dira», azpimarratu zuen LABek.

Bestalde, langileei hileko soldata %15-20 inguruan murriztuko dietela aipatu zuen sindikatuak. Espedienteak, gainera, langabezia prestazioan «negatiboki» eragingo diela azpimarratu zuen. Izan ere, «langileek orain arte sortutako langabeziarako prestazio eskubidea eten egingo da, hau da, ondoren langabezian geratuz gero -enpresa itxi edo langileak kaleratu dituztelako-, orain arte sorturikoa edo gero sortuko dutenaren artean aukeratu beharko dute -lehen aukeran zati bat agortuta izango dute, eta bigarrenean gutxiago izango dute sortua-», adierazi zuen sindikatuak.

Irtenbideak

LABen esanetan, «bertako langileek aho batez erabaki zuten espedienteari ezezkoa ematea batzarrean». Honen aurrean, espediente hau ez dela «onargarria» adierazi zuen sindikatuak, eta gaineratu zutenez, «beraien helburua aurreztea bada, langileei eragingo ez dien beste hamaika neurri har ditzakete».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo