GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Lehengo «ume mirariak», oraingo «ume ingeniari»


Blanca IZKUE | Musikagintzako langilea

Gure ondorengoek musikarekiko izanen duten harremanaz itxaropentsu naiz, gauzak era bortitzean aldatzen ari badira ere. Musika ikasketetatik hasita, zorionez, irakaskuntza askoz ere zabalagoa da gaur egun. Orain urte dezente ikasi genuenok, pedagogia zein irakasleria hertsia pairatu genuen. Benetan burugogor eta zaleak ginen garai hartako musika kontserbatorioan ikasturte pare bat baino gehiagoz irauten genuenok. Orduan ikasle bikainak bilatzen ziren, kontserbatorioari bere ospea mantentzen lagunduko zietenak. «Ume mirari» bilakatu nahi gintuzten, eta horretan datza hainbat eta hainbat frustrazioren gakoa. Musika maitatzen baino, musikan menderatzen trebatzen gintuzten. Egun, musikaren ezagutza eta instrumentuarekiko harremana ahalik eta atseginena izatea bilatzen dute musika eskolek. Ikasleek aukera dute musika hizkuntza eta norberak aukeratutako instrumentua urte luzez ikasteko, musika euren lanbide gisa aukeratu ez arren. Ikasleek klasean jotzen dituzten obrak haien maila intelektualari egokituagoak dira, eta ez da musika klasikoa («landua») ikasketa planetan jorratzen den estilo bakarra. Jotzen dibertitzea, ongi pasatzea da helburua. Hori bai instrumentu batekin gozatzeko bidea.

Interpretatzen den musika utzi eta gaur egun entzuten denera pasatuz, belaunaldi berriek agian ez dute nabarituko zer-nolako aldaketak gauzatzen ari diren, baina harrigarriak dira. Interneten erabilpena erabat normaldu zaigun bezala, gure haurrei guztiz arrunta egiten zaie MP3, MP4, bideo-kontsolak eta azken belaunaldiko musika erreproduzitzaileen erabilpena. Onerako izanen dela pentsatu nahi dut, Internet onuragarri eta jada ezinbestekoa egin zaigun bezala. Gure haurrak, gurekin alderatuta, teknikan ingeniari bihurtzen ari dira era naturalean. Gure umeentzat CDak zomorroak uxatzeko jartzen diren gauza borobil eta distiratsuak baino ez dira izanen. Garai batean musikak, balio intelektuala ez ezik, balio komertziala zuela esango al die inork? Bitartean, kaleratuko den azken jokoa, azken kanta, inork baino lehenago eskuratuko dute. Errealitate honek, aldiz, baditu bere itzalak: munduko alde honetan aurrerapausoak barneratzen ditugun bitartean, gugandik urruti bizi ez diren ume askok ez dute teknologiarekin inongo harremanik. Horrekin nork galdu-nork irabazi tankerako baloraziotan sartu gabe, gizakion arteko ubidea geldiezin handitzen doala ukaezina da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo