GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Arriskuak arrisku, Goiok eta Goieaskoetxeak beren lan militanteari eutsiko diote

Auzitegi Nazionalaren deiari ez erantzutea erabaki zuten Batasuneko bi militanteek beren engaiamendu politikoarekin aitzina egingo dutela berretsi zuten atzo, «nahiz eta euroagindua aplikatzeko arriskua izan».

p012_f02_148x92.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Duela hilabete bat Auzitegi Nazionalak bertaratzeko eman aginduari men ez egitea deliberatu zutela jakinarazi zuten Zigor Goieaskoetxea eta Jon Goio Batasuneko militanteek. EHAKren ilegalizazio-prozeduraren baitan deitu zituen Baltasar Garzonek orduan.

Geroztik, irailaren 24an, Levert eta Houyvet epaileek zuzendutako operazioaren karietara, Polizia frantsesak beren etxeetako ateak jo zituen, baina ez zituen bertan aurkitu.

Alderdi politiko eta gizarte mugimenduetako ordezkariez eta hainbat hautetsiz lagunduta, atzo bi militanteek berretsi zuten ez dutela onartzen «ezker abertzalearen kontra etenik gabe aritzen den eta atxiloketak, torturak eta espetxeratzeak agindu eta babesten dituen salbuespeneko auzitegi» batetik etorritako agindurik.

«Inoren panpinak»

Goieaskoetxeak adierazi zuen, «Estatu frantsesak espainolarekin bat egin duela, eta jokaera hori bi Estatuen eta Euskal Herriaren arteko gatazka politikoaren froga» dela. Polizia operazioa gertatu zen egun berean bi Barne ministroak bilera izatea «ez zen kasualitatea» izan bere esanetan. Horrelako topaketetan maiz elkarri egiten dioten «oparitxoa» izateko prest ez zeudela nabarmendu zuen, «inoren panpinak ez garelako».

Euren aurkako euroagindua gauzatzeko arriskuaz jakitun diren arren, bi militanteek beren «engaiamendua» berretsi eta «Lapurdi eta Euskal Herrian lan politikoa egiten jarraituko» dutela gaineratu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo