Aurtengo Zinemaldiak inoiz baino publiko gehiago izan du, %83,52ko okupazioa lortuz
GARA | DONOSTIA
Joan den irailaren 27an amaitu zen Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko 56. edizioak aurreko urteak baino okupazio gehiago izan du. Esate baterako, saio bakoitzean egondako ikusleen kopurua %8,84 igo da. Ideia bat egitearren, iaz baino sarrera gehiago saldu zien, hogeita hemezortzi saio gutxiago egin ziren arren.
Okupazio orokorrari dagokionez, tasa iazkoarekin aldenduz zazpi puntu igo da. Guztira, azkeneko Zinemaldi honen jardueretara 177.654 ikusle bertaratu dira.
Antolatzaileek atzo ezagutzera eman zituzten zenbaki hauek eta, beste gauza batzuen artean, saldutako sarrerak 99.236 izan zirela zehaztu zuten. Balorazioak egin ahal izateko aurreko urtekoak kontutan hartu ditute, non 98.702 sarrera saldu ziren. Hau da, saio bakoitzeko %11,91 sarrera gehiago.
Guztira 617 saio eskaini dira aurten,pasa den urtean baino 38 gutxiago, Terence Davies zuzendari garaikidearen atzera begirakoak sei film baino ez baitzituen biltzen, eta Zabaltegi eta Horizontes Latinos atalek pelikularen bat gutxiago izan baitzuten aurreko edizioarekin alderatuta.
Jarraipen handiko webgunea
Profesionalen zenbakia ere arrakasta neurtzeko kontutan hartu beharreko irizpide bat. Sales Office-an 58 herrialdetako 1.171 profesionalek parte hartu dute, eta guztira mundu osoko 729 enpresa ordezkatu dituzte. Sales Office-ak profesionalen eskura jartzen duen bideotekan 189 film ikusi dituzte eta guztira 1.130 ikustaldi izan dira. Guztira mundu osoko 1.091 kazetari egon dira 41 herrialdetatik etorritakoak.
Azkenik, aurtengo edizioak izugarrizko jarraipena izan du webgune ofizialaren bitartez: www.sansebastianfestival.com. Aurten beste urtetan baino lan gehiago jarri dute gunea berritzen, gainera zuzeneko emankizunen bitartez inaugurazio eta klausura galak eta Donostia sariak zabaldu dituzte. Zenbaki orokorretan, jaialdiak iraun duen hamar egun horietan 4.200.000 bisita baino gehiago jaso ditu, eta guztira 100.000 bideo deskargatu dituzte.