GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Porcupine Tree, hogei urteko psikodelia garapena

Rock psikodeliko eta progresiboaren atalean estima handiko taldea dugu Steve Wilson musikariak zuzentzen duen Porcupine Tree taldea. Iaz hogei urte bete, eta egun munduan zehar «Fear of a Blank Planet» azken lana aurkezten dihardu taldeak. Igandean, Barakaldon joko du.

p047_f01_148x80.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Milaka eta milaka jarraitzaile elkartzeko gaitasuna ez badute ere, kultuzko talde bihurtua dugu egun Porcupine Tree, jarraitzaile sutsu eta fidelak lortzen dituztenetakoa. Egun dugun gogaitu arteko informazio ugaritasunaz mintzo da Porcupine Tree taldea, iaz plazaratutako «Fear of a Blank Planet» bederatzigarren eta azken lanean. Disko berri hori aurkezten hara eta hona jardun du taldeak ordutik, eta Barakaldora helduko da urriaren 12an, igandez.

Steve Wilson musikari trebeak (gitarra, pianoa, eta baxua jotzen ditu) 1987an sortu zuen taldea eta berau dugu Richard Barbieri (teklatuak), Colin Edwin (baxua) eta egun Gavin Harrisonekin (bateria) batera osatzen duen laukoteko gidari eta sortzaile nagusia. Zuzenekoetan baina, boskote bihurtzen da taldea, John Wesley gitarra-jotzailearekin.

Taldeak «On the Sunday of Life» lanarekin egin zuen debuta 1992an, eta diskoz disko berrikuntzez jantzi eta erantsi dituzte lanak harrezkero, psikodeliatik trip hop doinuetara salto eginez, edo azkenaldian, metal progresiboa garatuz. Horren adibide, 1996an, dagoeneko talde egonkorrarekin, plazaratu zuten «Signify» lana, edo hiru urte geroago, ahotsik gabe sortutako «Stupid Dream». 2006an lehen zuzenekoa argitaratu zuten DVD euskarrian, «Arriving Somewhere...» goraipatua.

Jarraitzaileak, aurretik

Aurretik Pure Reason Revolution laukoteak joko du. 2003an Ingalaterran sortuak, astral folk izendatu dute beraien jarduna, eta «The Dark Third» dute azken lana, orain bi urtekoa. Porcupine Tree ez ezik, Pink Floyd, Led Zeppelin, Nirvana, Smashing Pumpkins eta the Super Furry Animals bezalako taldeak dituzte ikur eta eredu.

 

AZKEN LANA

Iaz «Fear of a Blank Planet» azken lana argitaratu zuen laukoteak, eta horren aurkezpen birako azkenetariko zuzenekoa izango da Barakaldon igandean emango dutena.

Fitxa

Taldeak: Pure Reason Revolution + Porcupine Tree.

Data: Urriak 12, igandea.

Lekua: Rockstar Live (Barakaldo).

Ordua: 20.00etan.

Sarrera: 25 euro + banaketa gastuak.

Promotorea: Get In.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo