GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Autogestioaren alde

Denok dakigunez, merkatua berez erregulatzen da. Estatuek ez dute zertan beren esku publikoak -zikinak, alegia- sartu. Orain finantza merkatua parentesi batekin erregulatzen ari da bere burua, herritarren diruaz betetako parentesi batekin. Herri erakundeek ez dute jarrera bera arlo guztietan, ordea, eta egun aproposa da gaurkoa gogorarazteko irrati libreek eta gazte asanbladek, esate baterako, instituzioen eskutzar larderiatsua gainetik kentzeko egindako ahalegin luzea. Gasteizen jada 25 eta 20 urte dituzte, hurrenez hurren, Hala Bedi irratiak eta Gaztetxeak borroka horretan eta, paradoxikoki, edozein zerbitzu publikok baino eraginkortasun handiagoa izan dute herri ekimenok. Eraginkortasun hori ez da dirutan zenbatzen, jakina, horien irabazi ekonomikoak hutsaren hurrengoa baitira, eta nahigabeak ugari izan dituzte, jazarpenaren ondorioz batez ere; baina herri mugimenduaren eta, oro har, herritarren esker ona irabazi dute.

Goizeko kafea hartzeko orduan ohikoa da Gasteizko hainbat tabernatan Hala Bediren magazina entzutea, edo banatzaileen furgonetetan, baita sukalde askotan eta tailerretan ere, eta Langraizko kartzelan ere ez ditu entzule gutxi. Oker ez banago, Hala Bedi irratiak ez du behin ere elkarrizketatu Emilio Botin (hona adierak, euskaraz: 1. Oinetakoa, 2. Harrapakina. Pentsa ezazu patxadaz zein doakion ondoen deituraren jabeari), baina bai etorkin, langile, ilegal, feminista, matxinatu... mordoa.

Gazteek ohitura bitxi bat daukate: beren kezka sozial, kultural, politikoak eztabaidatzeko, aisialdia antolatzeko biltzea eta askatasun guneak sortzea. Jende arraroa gero. Horren gazte ez garenok susmo txarra hartzen diogu gazteak beren kabuz antolatze horri. Baina Udalak, esaterako, helduon mundu ikuskeraren zaintzaile, diru laguntza eskainiko die... gazteen jarduerak berak antolatzeko. Kontrolatzeko, alegia. Eta gazteek ez dute nahi.

Gaur Gasteizko Alde Zaharrean jaia da. Jai handia. Gaztetxeak eta Hala Bedik badute-eta zer ospatu. Beren autogestio ibilbide luze eta emankorra. Eta gasteiztarren begikotasuna.

Kasu, ordea, asanblea-kumeok: zuen artetik batek, baldin eta esplotatzen badu, hemendik hamar edo hiru urtera, bere anaia obrero edo kontadorea, hori, zuen arteko hori, Gabriel Arestiren maldiziorik borobilenarekin hornituko dut, sipula-sipulorum. Amen. Eta txorionak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo