GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia..com

Izan dadila guretzat indar askatzailea!

Kapitalismoa ez da demokraziaren sinonimoa, ezta laguna ere. Galdetu Txile edo Argentinako militar kolpistei! Edo Francori, jakina! Ameriketako Estatu Batuak ez dira kapitalismoaren ikur nagusia kasualitatez, armadarik indartsuena dutelako baizik

Hala zioen Gontzal Mendibilen kantak, Kloratita taldeak ere kantatu duena. Kapitalismoari buruzko kanta da; hobe esanda, kapitalismoaren kontrakoa, eta jende orok krisialdia ahoan duela, aski egokia, gaur egungo egoeraren iturburua zein den gogora ekartzeko.

Izan ere, krisialdia kapitalismoaren krisialdia da, kapitalismoak ekarri duena eta haren oinarriak astindu dituena. Oro har, onartzen da sistema honek krisialdiak izaten dituela aldiro, baina normaltzat jotzen da: batzuetan ongi funtzionatzen du; beste batzuetan, berriz, gaizki. Ez da horrela, alta, normaltasun horrek sistemaren benetako aurpegia erakusten baitigu. Normaltasun gisa saltzen digute baina, finean, honek sistema txarra dela erakusten du, kapitalismoak krisialdiak sorrarazten baititu. Eta zer-nolako krisialdiak, bestalde!

Berlingo harresia erortzeaz bat, izugarrizko propaganda egin digute kapitalismoa zein ona den sinetsarazteko. Alternatibarik ez duela diote. Kapitalismoak irabazi du, eta kito: ez dago besterik!

Fukuyamak gehituko lioke horri historiaren bukaerara iritsi garela. Akabo ilusio eta utopiak: kapitalismoa baino hoberik ez dago, eta AEBak munduaren gidariak dira. Inperioaren buruak ordezkatzen ditu beste inork baino hobeto kapitalismoaren oinarri eta jarduerak. Alferrikakoa da beste bide baten bila ibiltzea.

Hau da mezu ofiziala, horren argi edo makillatuta, politikari, ekonomialari eta komunikabide guztiek ahotan dutena. Baina krisialdiak iristen direnean, eta batez ere oraingo egoeran bezala, kalapita erraldoia delarik, kapitalismoaren ahulezia ikusten da. Edo, bederen, hobeki ikusteko parada dago.

Eta ez soilik ahulezia. Kapitalismoa oso sistema ezegonkorra da, aldiro krisialdiak ekartzen dituena baina, batez ere, injustua da. Kriminala, oinarrian zapalkuntza eta etengabeko lapurreta baititu, gosea zabaltzen duelako munduan eta, finean, aberastasun gehienak guti batzuen eskuetan biltzen dituelako gehiengoaren kalterako. Gainera, injustizia hau mantentzeko indarkeria eta mota guztietako inposizioak erabiltzen ditu. Kapitalismoa ez da demokraziaren sinonimoa, ezta lagun ere. Galdetu Txile edo Argentinako militar kolpistei! Edo Francori, jakina! AEBak ez dira kapitalismoaren ikur nagusi kasualitatez, armadarik indartsuena dutelako baizik.

Krisialdi erraldoi honek azala atzean utzi eta sakonera sartzeko aukera eskaini digu. Kapitalismoa biluzteko tenorea da, nolakoa den ikusarazteko. Eta kapitalismoaren apologeta guztiak agerian uzteko, alternatibak badaudela eta ezinbestekoak direla aldarrikatuz.

Nik ez dut «normaltasun» hau nahi. Ez dut kapitalaren menpekoa izan nahi. Ezin dut ontzat eman nire etorkizuna New Yorkeko burtsaren araberakoa izatea («la bolsa de Nueva York controla este mogollón», zioen La Pollaren kanta batek).

Mendibilen kantak gaurkotasun osoa dauka: «Kapitalismoak dakarren katai ta zapalketa izan dadila guretzat indar askatzailea». Kantak Euskadi hitza erabiltzen zuen, nik Euskal Herria nahiago dut, baina ados gaude: egin dezagun biharko Euskal Herri sozialista bat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo