GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Ametsak hemen

Amets egin dut. Zerri goseak ezkurrak amets. Nire kasuan tripa beteta oheratu nintzelako egin dut amets, seguru aski. Nobel Sariak nik neuk banatu behar nituela egin dut amets. Fisikakoa eta Bakearena batzea deliberatu dut ametsean, urtetan kateak askatu behar direla esaten eta gauzatzen aritu den hezur eta azalezko pertsona-talde bati ematen niolarik. Orain arteko kateak apurtu zer hori ezerezean geratu dela frogatu du talde horren ahaleginak, kateak berak ere askatu behar direlako; apurtu behar dena kateak erabiltzen dituztenen logika delako, logika eta kasu askotan burua bera ere.

Ingurumenaren Nobela, ordea, hiriko inguruak giro ez duela saltoki handien aurrean erakutsi duen baserritar-talde bati. Geografiakoa, berriz, ozeanoen osasuna helburu, bidea NATO desagertzea dela matematikaren logikatik abiatuta, eta zenbakirik erabilirik gabe, agerian utzi duen baxurako arrantzale talde bati.

Literaturako Nobela sekula, santa izanda ere, nobelarik idatzi ez duen analfabeto bati ematea deliberatu nuen, Euskal Herriak hegoaldean duen estatuaren justiziaren epaileen testuen logika eza agerian utzi izanagatik; hortaz, Justiziako Nobela bera ere berari eman nion. Ekonomiako Nobela, azkenik, aurrerantzean arlo honetan saririk ez ematearen behar logikoa ikertu duen nire herriko azoka-saltzaile talde bati, munduan zehar merkatuari aurre egiteko modurik eraginkorrena lekuan lekuko azoka indartzea dela erakutsi duelako. Sariak banatzen eta bostekoa luzatzen hara-hona nenbilela buelta eman dut eta... dzast! lurrean esnatu naiz, ohetik jausita. Itoiz! Pentsatu dut momentuan.

Tira! Besapeak urez busti ondoren kafearen parean paratu naiz, asteko prentsari zor nion azkeneko begirada emateko. Pirinioetako hizkuntzak aztergai izan diren honetan mendikatea bera ilegal nahi luketen sozialistek euskara, ordekan, askatasunez amesten dute, identitatearen gainetik.

Hartu dezatela dokumentua eta euskara den lekuetan gaztelania ipini ere; berba egingo dugu orduan. Dena dela, gaurko euskarak zehaztasun gehiago behar du, hitzak hutsik utz ez ditzan. Horra! Lakuak dio ertzain guztiek legeria guztiari men egiten diotela, eta beheko gobernuak hori nahikoa ez eta ertzain bakoitzak hango konstituzioari zin egin behar diola. Men ala zin, zin ala men? Ala ez bata eta ez bestea? Amen. Amets.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo