BERRIA Koldo Aldabe 2008/10/10
Florida
Mugaberen Zimbabwe eta Lukashenkoren Bielorrusia, bi aipatzearren, beti izango dira iruzurraren paradigma hauteskundeetan, mendebaldearentzat. 2000ko hauteskundeetan Floridan jazotakoa, aldiz, «salbuespen» bat izan zen, eta onartu egin zen.
Floridan irabaztea urteetan ezinbestekoa izan da hautagai demokratentzat AEBetako lehendakari izateko. Aurten, ordea, alderantziz gertatzen da. Joh McCain dago horren premian, ez Barack Obama. Eta batek zein besteak irabazi, ziurrenera ez da alde handirik izango bien artean.
Floridako gobernuburuak (errepublikanoa) lege berri bat egin du lehen aldiz botoa emateko izena eman dutenen datuak «egiaztatzeko». Legearen arabera, inskribatutako izenaren eta datu federaletan agertzen denaren artean huts bat bera ere ez da onartuko. Kontuan hartuta datu federaletan bitik batean huts tipografikoak daudela, txanpona airera botatzea bezala da. Afroamerikar (ezohizko izen gehiago dituzte) eta hispano (bi abizen jartzen dituzte) ugari geratuko dira botoa eman ezinik.