GARA > Idatzia > > Kultura

Mende bat betea duten organo erromanikoen garrantzia ezagutzeko parada

«Bedeinkatua zure sorrera/zorioneko eguna/gure organo berri ederra/pozik aditzen deguna»; Azkoitiko organoari 1898an botatako bertsoak dira. Gipuzkoan tresnaren garrantziaren isla. Nazioarteko Organo Erromantiko Zikloak horretaz jabetzeko bide emango du.

p048_f01_177x108.jpg

Odeia AIESTARAN

Europako organo erromantikoen bilduma garrantzitsuenetakoa omen dago Euskal Herrian, Gipuzkoan zehazki; historiako organo-jotzaile onenen bilduma da gainera. Kulturalki gure lurraldearekin duen harremana estua dela iradokitzen digu horrek. Urteetan zehar herriaren bultzada izan duen tresna da, neurri handi batean jatorrizko egoeran mantentzeko interes handia izan duten herritarrena, hain zuzen ere.

Cavaillé-Coll, XIX. mendeko organo sortzaile garrantzitsuenetakoa nabarmentzekoa da, izugarrizko eragina izan baitzuen Gipuzkoan jarri ziren organoekin. Frantsesak, hamahiru instrumentu erromantiko jarri zituen gurean 1861 eta 1898 urteen artean, tamaina eta mota ezberdinekoak denak. Horietako bi organo -adituen ustez garrantzitsuenetakoak- topa daitezke bai Azpeitiko Loiolako Santutegian, bai eta Azkoitiko Santa Maria La Real Parrokian ere. Lehena 1887koa da, bigarrena berriz, 1898koa, organo-jotzaileak hil aurretik egin zuen azkena. Azkoitiko eta Loiolako organoek berrogeita hamasei nota dituzten hiru teklatu dituzte, baita hogeita hamar notako pedala ere. Lehena, koroaren ezkerraldean kokatuta dago eta, bigarrena, aldare handiaren parean, basilikako atearen gainean, hain zuzen ere.

Stoltz Frères organo mota frantsesa ere ekarri zuten Gipuzkoara. 1889an Bergarako San Pedro Parrokiara, hain zuzen ere. Horrek ere, garai hartan zegoen bezala jarraitzen du, eta hortik datorkio duen garrantzia handia. Ospea ere lortu du. Horren adibide da atzerriko hainbat diskoetxek grabazioak bertan egin izan dituztela.

Atzerritarren bultzadari esker hasi zen organoa Euskal Herrian ezagun izaten. Baina benetan tresna hori erabili, kaleratu eta gordetzen dituen sekretuak plazaratu izana bertako herritarrei zor zaie. Esteban Elizondo organo-jotzaileak tesi batean azaltzen duenez, herritarrak izan ziren organoak ordaindu zituztenak. Bergaran, esaterako, emakume batek ordaindu zuen; Loiolan, aldiz, jesuita batek testamentuan bere ondasunak organoa egiteko utzi omen zituen .

Organoaren zabaltzea, halere, organo-jotzaileen lanaren emaitza ere izan da. Urteetan, eta baita gaur egun ere, organo-jotzaile handiak eman ditu Euskal Herriak. Horren adibide argiena Azpeitikoa da; organo erromantikoa jarri eta hortik gutxira, hainbat herritar instrumentua jotzen maisu bihurtu baitziren; Amezua edo Elezgaray kasu. Urteen poderioz, organoa maite izan duten lagunen kopuruak gora egin du, eta gaur egun horretan nabarmentzen diren artista ugari daude. Horien artean ditugu, hain zuzen, Koro Saenz, Alize Mendizabal, Gerardo Rifon eta Jose Luis Frantzesena; Euskal Herrian egiten den organo jaialdi garrantzitsueneko protagonistetako batzuk, alegia.

Izen horiek, bi organo-jotzaile alemaniar -Jürgen von Moockek eta Michael Eckerlek-, hiru abesbatza -Loinatz, Aretxabaleta eta Oñatiko Ganbara-, Ainhoa Soraluze mezzosopranoa, Jose Ignacio Ansonera txistularia eta Xabier Euskitze eta Andoni Egaña bertsolariak izango dituzte lagun urriaren 25ean bukatuko den Nazioarteko Organo Erromantiko Zikloan.

Azkoitia-Bergara-Loiola; hiru agertoki horiek hautatu dituzte zikloa egiteko. Dudarik gabe, bertan mantentzen dituzten organoen egoera onak zerikusia izan du, eta hori da hain zuzen ere, urriaren bukaera arte iraungo duen jaialdiaren xedea; organo horien garrantzia helarazi eta eskaintzen dituzten baliabideei etekinak atera, jendeak ezagutu ditzan. Nazioarteko Organo Erromantiko Zikloak IX. edizioa du aurtengoa.

Aurten berrikuntzak ditu gainera. Organoa txistuarekin eta bertsoarekin uztartzen dituen bi kontzertu eskainiko baitira. Organoa, beraz, nahikoa izan daiteke musika interpretatzeko unean, baina organoak beste hainbat musika konbinazio eta aukera ere badituela erakutsiko dute.

Zikloari hasiera urriaren 2an eman bazitzaion ere, oraindik bada zer ikusi eta zer entzun. Urriaren 18an, Azkoitian Jürgen von Moock organo-jotzailea izango da. Bergaran, berriz, Michael Eckerle. Alemaniarra Loiolan izango da hurrengo egunean.

Urriaren 25ean, bestalde, Xabier Euskitze bertsolariak, Koro Saenz organo-jotzailearekin eta Jose Ignazio Ansorena txistulariarekin Azkoitian emanaldi bat eskainiko du; ez-ohiko emanaldia. Bergaran, Oñatiko Ganbara Abesbatzak Alize Mendizabal organo-jotzailearen musikak lagunduta kantaldia eskainiko du.

Euskal Herrian ehun urteko historia duen instrumentu berezi eta aldi berean ezezagunaren sekretuak ezagutzeko aukera ederra da, dudarik gabe. Maisu handien eskutik, konbinazio ezberdinak erabiliz, organoak eskaintzen dituen baliabideak azkeneraino baliatuko dituzte.

Michael Eckerle, alemaniar organo-jotzailea, Bergaran eta Loiolan

Nazioarteko Organo Erromantiko Zikloak prestaturiko egitarau zabalean hainbat musikarik hartuko dute parte. Euskaldunez gain, nabarmentzekoak dira, atzerritik etorritakoak ere. Horien artean, Alemaniako Michael Eckerle eta Jürgen von Moocke organo-jotzaileak. Azken horrek, ohikoak ez diren hainbat inprobisazio eskainiko ditu urriaren 18an Azkoitiko Andra Maria parrokian. Eckerlek, berriz, bi emanalditan parte hartuko du; Bergaran bata eta Azpeitian bestea. Euskal konpositoreek sortutako lanak ere izango ditu errepertorioan. Eckerle mundu osoan ezaguna den organo-jotzailea da eta hainbat diskotan ere hartu du parte. O.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo