Hiru bortxaketa salatu dituzte aste honetan, azkena Bilbon gertatutakoa
Gasteizko neska batek, ostiralean, Bilbon, bortxatu egin zutela salatu du. Antza, autobus geltokiaren bila zebilela gizon bat hurbildu zitzaion laguntza eskaintzera. Erasotzaileak, ordea, kale ilun batera eraman zuen.
GARA |
Gutxienez hiru bortxaketa salaketa izan dira aste honetan Euskal Herrian. Ostiralean 37 urteko gizon bat atxilotu zuten Tu- teran, eta ostegunean beste eraso baten berri eman zuten komunikabideek. Bilbon gertatu zen joan den asteburuan. Erasoaren ondorioz, 24 urteko neska gazte bat erietxera eraman eta zainketa berezien gelan sartu behar izan zuten. Ertzaintzak hiru gizon atxilotu zituen, eta horietako bat, 18 urteko mutil bat, espetxeratu egin zuten.
Atzo, beste bortxaketa baten berri eman zuen «El Correo» egunkariak. Bilbon gertatu zen hau ere. Salaketan ageri denez, ikasle gasteiztar bat galdu egin zen ostiral goizaldean etxera bueltan zihoala. Autobus geltokiaren bila zebilenean mutil batek laguntza eskaini zion, baina, geltokira eraman ordez beste toki batera eraman zuen, Maurice Ravel ingurura, Artxandako tunel baten sarrerara, eta bertan bortxatu zuen. Lakuako Barne Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza kasua ikertzen eta susmagarriaren bila ari da.
Ikerketako iturrien arabera, goizaldeko bost eta erdiak aldera gertatu zen bortxaketa. Bilbon ikasten ari den emakume gasteiztarrak, lagunekin Mazarredo kaleko tabernetan ibili ostean, etxera itzultzea erabaki zuen. Erasotzailea gaztea galduta zebilela konturatu eta horretaz baliatu zen. Salbeko zubia igaro eta Ugaskorako sarbide batera eraman zuen. Armarik erabili gabe, neska harreman sexualak izatera behartu ostean ihes egin zuen neska bakarrik utzita. Anbulantziaz eraman zuten Basurtuko Ospitalera, eta handik Gasteizera.
Bilguneren agerraldia
Egun berean, ostiralean, Bilgune Feministak emakumeen bizi baldintza eta eskubideak beste behin ere kolokan daudela salatu zuen. «Parekidetasunarekiko konpromisoa oinarri hartuta, gure borrokaren bidez lortutako espazio eta eskubide urriak ezabatu edota mugatzen ari dira», ohartarazi zuen. Eta hezkuntzan eta prebentzioan lan bateraturik egiten ez den bitartean egoerak larriagotzen jarraituko duela gaineratu zuen.
Gizon talde batek elkarretaratzea egin zuen atzo Santurtzin, berdintasunaren alde eta sexismoaren aurka, iragan igandean Doccas David bere bikotekideak hil ondotik.