GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Koadrilek hartu dute hitza eta makila Basauriko jaietan

Luze bai, baina ez luzeegi. Basauriko sanfaustoak atzo abiatu ziren eta datorren igandera arte luzatuko dira. Koadrilek eman zioten hasiera jaiari eta beraiek izango dira aste osoan jaietako gidari. Gaur, atzoko kalejiran bezalaxe, gogoan izango dituzte jaietan herrian izaterik ez duten errepresaliatuak, haien aldeko bazkaria antolatu baitute.

p023_f01_111x111.jpg

GARA |

Basauriko jaiak atzo arratsaldean abiatu ziren, beste behin ere jaiaren gidaritza herriko koadrilek hartuta. Jai eredu berri bat abian jarri zuteneko 40. urteurrena ari dira, eta horretan, noski, koadrilek izan dute hasiera hasieratik nagusitasuna.

Los Turcos eta Los Incas koadrila aitzindarietako kideek udaletxeko balkoitik irakurri zuten pregoian zera nabarmendu zuten: «1968an gurekin batera ibilbide hau hasi zuten askok urtero-urtero hautsa kentzen diete abarkei eta porroiari, jantziak ilusio berarekin lisatzen dituzte eta euriak jaiak zapuztuko ez dituen esperoan egoten dira; izan ere, ez da gu hemengoak garelako, baina munduko onenak dira».

1968. urtetik hona urak bide handia egin du. Aspaldian bezala, koadrilen jaitsierak eman zien hasiera aurtengo sanfaustoei. Bakarren batek ajea ere izango zuen, izan ere, ostiralean, urteroko zitari jarraiki, Zoroz-Sorok antolatzen duen eta herriko bertsozaleen artean estimu handia duen bertso afaria egin baitzen.

Mozkorrak koadrilako neska mutilek ireki zien atzo bidea gainerako hamabost koadrilei Basozelaitik abiatuta egiten den jaitsieran. Bidean ezinbesteko geldialdia egin zuten, Vicente Anton Ferrero gaztea tiroka hil zuten lekuan ohorezko aurreskua dantzatzeko. 1976ko martxoaren 8an hil zuen Polizia espainolak. Gasteizen martxoaren 3an bost langile hil zituzten, eta hori salatzeko manifestazio ugari izan zen Euskal Herrian egun haietan. Horietako batean parte hartzen ari zela hil zuten Anton Ferrero gaztea.

Omenaldia egin eta Herriko kaleak zeharkatu ostean, koadrila bakoitzak bere lonja zabaldu zuen. Horietan, zurrakapotea izango da jaun eta jabe datozen bederatzi egunetan, beste edari batzuen artean.

Txosnetan egitarau oparoa

Nork bere lekua bilatu behar du jaietan, eta batera zein bestera jende ugari zebilen. Askok txosnen gunerako bidea hartu zuten, azken urteetan bezalaxe, Bizkotxalde plazan dagoena.

Txosnak zabaldu aurretik, ordea, gogora ekarri nahi izan zituzten etxetik urrun diren herritarrak. Jaietan ere ez dituzte ahaztu nahi, eta Basauriko errepresaliatuak kalejiran ere presente egon ziren. Gaur, berriz, presoen aldeko bazkaria egingo da.

Urtero bezala, txosnagunean makina bat ekitaldi antolatu dituzte. Kontzertuez gain, aipatzekoak dira era guztietako pintxoak dastatzeko aukera emango duen Perretxiko Eguna edota datorren ostiraleko Gazte Eguna. Azken honetan jokoak, antzerkia eta zirkoa izango dira. Baina, horrez gain, orain gutxi Hego Uriben Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak abiatu direla-eta, horien aurkako protestak ere izango du bere tartea txosnek prestatu duten egitarauan.

Basauriarrak, beraz, jaietan bete-betean sartuta daude dagoeneko, eta datorren igandera arte ez dute atseden hartzeko betarik izango. Hain zuzen, egun horretan Eskarabillera aireratuko dute, jaiei agur esateko.

zurrakapotea

Bestelako edariak ere tartea hartzen ari dira koadrilek jaietan zabaltzen dituzten lonjetan baina, zalantzarik gabe, zurrakapotea da tradizio eta estimu handiena duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo