1 Formula Japongo Sari Nagusia
Hamiltonek beste urrats bat eman du titulurako bidean
Britaniarra irteerako lehen lekuan arituko da eta Munduko txapelketan zazpi puntutara duen Ferrari etxeko Felipe Massa, aldiz, laugarren izango da
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Helburu handiak lortzeko pausu txikiak ematea da japoniarren bizi-filosofiaren ardatzetako bat, eta horixe egin zuen Lewis Hamilton britaniarrak atzo Fuji Mendi sakratuaren ondoko zirkuituan. Ferrarik Hondako gidariak duen aldea murrizteko duen azken aukeretako baten aurrean, Hamiltonek bere nagusitasuna agerian uzteko erakustaldi bat eman du denboraldiko seigarren pole position-a lortuta. Raikonnen irtengo da mundialeko liderrarekin batera lehen lerrotik, eta bigarrenean entrenamenduetan hirugarren izan zen McLaren etxeko Kovalainen eta apurka-apurka gora egiten ari den Renault-eko Fernando Alonso irtengo dira.
Atzo egindako azken itzuli bikain eta bizkorrarekin, txiki-txiki egin zuen Lewis Hamiltonek Massak duen zazpi puntutako aldea murrizteko Ferrarik antolaturiko estrategia. Ekainetik, irteerako lehen lerroan kokatu ez den Raikonnen Massa eta britaniarraren tartean sartzea zen talde italiarraren asmoa, baina McLarenekoa finlandiarra baino 240 milaren azkarrago iristeaz gain, brasildarra izan zen okerren sartu zena eta bosgarren lekutik irtengo da gaurko Sari Nagusian.
Ikusi egin beharko da orain bala gorriek gasolinarekin eta beste erabakiekin hartzen duten jarrera; baina Raikonnenek Massari pasatzen uzteko borondatea izanda ere, brasildarrak ez du batere lan samurra izango aurretik irtengo diren Alonsori eta Kovalaineni aurrea hartzen.
Hitzordu erabakigarria
Gauzak horrela, akats larri bat egiten ez badu, Lewis Hamiltonek Shangaiko hurrengo Sari Nagusian Munduko txapelketa eskuratzeko moduan utzi ahal izango du Japoniako froga.
Massarekin batera, Robert Kuvica irtengo da hirugarren lekuan, aurre-kanporaketan kanpoan geratzetik oso gertu izan bazen ere. Etxean arituko diren Toyotako gidariek -Trullik eta Glockek- beteko dute irteerako laugarren lerroa eta litekeena da hauek gainontzeko lehiakideek baino gasolina gehiagorekin ekitea, lur lehorrean egingo den lasterketan.