GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Heineken Kopa

Biarritzi lehen jardunalditik hasi zaio bidea okertzen

Lapurtarrek norgehiagoka kaskarra egin zuten. Ez ziren ondo hasi, eta bigarren zatian hobeto aritu arren, ezin izan zioten partidari buelta eman.

GLOUCESTER 22

BIARRITZ 10

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek ezin okerrago ekin dio aurtengo Europako ibilbideari. Azkeneko bi urte hauetan egindako lan kaskarra hobetzea zen aurtengo helburua, baina hemendik aurrera huts asko egiteko tarterik ez du izango.

Aurtengo Biarritzek ere ez du konfiantza handiegirik ematen. Partida on baten atzetik partida txarra egiten du, eta onenen artean ibiltzera deitutako batek ezin ditu horrelakoak egin. Atzo ezin izan zuen puntu bakar bat ere atera, eta horretarako aukerak izan bazituen ere, ez zuen merezi izan.

Beldurrez ekin zion talde zuri-gorriak norgehiagokari. Lehen partida ez galtzea oso garrantzitsua izaten da honelako ligaxka hauetan, eta beldur horrekin aritu zen lehen minutuetan. Etxekoek ederki baliatu zuten hori; lehen zortzi minutuetan bi zigor gauzatu ostean, 6-0 aitzineratu ziren.

Biarritzek egin zuen lehen ahaleginean puntuak egin zituen. Hamaikagarren minutuan Peyrelonguek baloia leku onean hartu zuen, eta ez zuen zalantzarik izan jaurtitzerakoan, eta euskaldunen lehen puntuak lortu zituen. Zuri-gorriek, ordea, ez zuten beste punturik egin lehen 40 minutu horietan.

Hortik aurrera jokoak behera egin zuen, eta ez zen ikuskizun handirik izan. Gauzak, ordea, lehen zatiko azkeneko hamar minutuetan aldatu ziren. Thionek txartel horia ikusi zuen, eta ondorengo hamar minutuetan jokalari bat gutxiago izan zuten jokoan euskaldunek. Egoera hori ederki aprobetxatu zuen etxeko taldeak. Thionek txartel horia ikusi zuen jokaldi horretatik urrea atera zuen Barkleyk, zigorra ez baitzuen huts egin, eta 9-3koa jarri zuen markagailuan. Lehendabiziko zatiko azkeneko jokaldian, berriz, etxeko taldeak transformatutako entsegua egin zuen eta, horrenbestez, 16-3ko emaitza lortuta joan ziren atseden hartzera.

Bigarren zatia ezin hobeto hasi zen lapurtarrentzat. Izan ere, Gobeletek entsegua lortu zuen hirugarren minutuan, eta Peyrelonguek transformazioarekin ez zuen hutsik egin.

Partida amaitzeko denbora falta zen oraindik, eta bazirudien zuri-gorriek partidari buelta emateko modua egin zezaketela, baina ez zen hala gertatu. Bi zigor huts egin zituzten, eta bazirudien etsi egin zutela.

Gloucester atzean sartuta egon zen, baina aurrera ere jokatu zezaketela konturatu zirenean bi zigor gauzatu zituzten, eta partida erabakita utzi zuten. Biarritzek orain garaipenak pilatu behar ditu, eta horretarako lehen aukera datorren larunbatean izango du, Calvisano hartuko baitu. Hor garaipena eta puntu gehigarria lortzea ezinbestekoa izango da. Neurketa 18.30ean hasiko da.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo