Emakumeak osasun arretan ikusiezinak direla aztertu da Saren
Barne medikuntzan eta endokrinologiako osasun laguntzan aritzen den Carme Valls-Llobetek hitzaldia eskaini du Emakundek egun hauetan Donostiako Kursaalen antolatutako kongresuan. Adituak, emakumeak osasun-arretan ikusezinak direla adierazi, eta gaixotasun askoren diagnosi eta tratamenduak gizonekin frogatuak direnez, emakumearentzat ez direla balekoak gaineratu zuen. Bestetik, dituzten kexak etiologia psikologikoari egozten zaizkiola salatu zuen.
Janire ARRONDO |
«Berrikuntza eta osasuna: bizi kalitate kontua» izan zuten hizpide atzo goizean Donostiako Kursaalen Emakundek antolatutako «Sare: Berdintasuna Berrikuntzan Berdintasunerako» kongresuan. Bertan izan zen Bartzelonako Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean medikuntzan eta kirurgian lizentziaduna den Carme Valls-Llobet. Aditua emakumeen gorputza medikatzea eta gutxiagotasuna normalizatzearen inguruan aritu zen hizketan. Valls-Lloret Osasun Analisi eta Programen Zentroko (CAPS) lehendakaria da, eta bertan emakumearen eta medikuntzaren inguruko hainbat ikerketa zuzentzen ditu.
Hitzaldian agertu zuenaren arabera, gizonezkoak eta emakumezkoak desberdin gaixotzen dira, eta gaixotasunaren bilakaera eta sendagaien eragina ere ez da berdina izaten batzuen eta besteengan. «Zergatik uste da, oraindik, emakumeek dituzten arazo kronikoak apalagoak eta garrantzi txikiagokoak direla?», adierazi zuen Valls-Llobetek.
Saiakuntza klinikoetatik at
Adituaren arabera, emakumeak saiakuntza klinikoetatik sistematikoki kanporatuak izan dira urte askotan. Berak azaldu zuenez, «hasieran emakumea ez zen ikerketetan kontuan hartzen». Izan ere, medikuntzako lehenbiziko ikerketa zientifikoak sistema baskularraren ingurukoak izan ziren, eta «ikerketa horietan emakumea ez zen aztertu 1993 arte», argitu zuen. «Saiakuntza kliniko horien emaitzak automatikoki emakumeei aplikatzekoak zirela edo emakumeak gaixotasun batzuetarako berez babestuta zeudela uste izan da, inongo oinarri zientifikorik gabe», azaldu zuen Vall-Llobetek.
Bere hitzaldian agertu zituen datuen arabera, ordutik hona, esaterako, arazo baskularrek eragindako heriotza-tasaren ikerketan emakumeak sartzen hasi dira, «baina soilik %25».
Gaur egun, oraindik, ikerketa falta horren ondorio txarrak sufritzen ditugu Valls-Llobeten esanetan. Izan ere, «generoak ezberdintzean oinarritzen den zientzia hori oraindik mediku askorengana eta ospitale askotara iristeke dago». Horrek arazoak ekartzen ditu, esaterako, bihotzekoen kasuan. Emakumeak izaten duen bihotzekoa ezberdina dela azaldu zuen adituak, «emakumeak zorabio sentsazioa izaten du, baina ez du ezker besoko minik sentitzen». Emakumea horrelako bihotzeko baten ondoren ospitalera joaten denean «bihotzekoa izan dela jakitea kosta egiten da, eta ondorioz tratamendu egokia jartzeko ezintasunak izaten dituzte».
Berdintasunean oinarritutako ikerketen gabezia dela-eta, gainerako zientzietan bezala, egun «estereotipoak daude medikuntzan ere». Hala ere, gauzak aldatzen hasiak direla azaldu zuen adituak. Esaterako, AEBetan medikuntza ikasketetan emakumeen eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak egiten direla aipatu zuen. Ondorioz, «medikuak ere era ezberdinean prestatzen dituzte».
Errazena, psikofarmakoak
Carme Valls-Llobettek azaldu zuenez, «gizartean ez dago horren zabaldua gai hau». Agertu zuenez, horren adibide da emakumeak medikuarenera joan eta benetan gertatzen zaiena ikertu beharrean askotan psikofarmakoetara jotzea. «Errazagoa da depresioaren aurkako sendagaiak ematea, gaixotasuna sakon ikertzea baino».
«Emakumeak agertzen dituen gaixotasun sintoma asko eta asko, gorputzaldi txarra, nekea edo minarekin alderatzen dira» zioen adituak. Horrela, «lehen kontsultan arazo psikosomatikotzat jotzen dira eta, hala eta guztiz ere, sendagaiak, lasaigarriak edo antidepresiboak ematen zaizkie». Bere hitzetan, hori baino zailagoa da benetako diagnosia egitea.
Gauza bera gertatzen da, emakumeek hilerokoarekin mina izaten badute, izan ere, irtenbide moduan askotan, pilula antisorgailuak ematen zaizkie. Hau da, sarritan, emakumearen gaitzaren jatorria azterten ez den kasuetako bat. «Minaren kausa endometrosia izan daiteke, edo tiroide falta... baina, ustez hilerokoaren zikloa orekatzen duten pilulak ematen dizkiete», argitu zuen Valls-Llobetek. «Errealitatean, pilula horiekin ez dago ziklorik, obulatzen ez delako».
Aitortu zuenez, askotan buruko arazoak izan daitezke, baina horrela dela ziurtatzeko ikertu egin behar dira. «Gizonezkoek ere izaten dituzte buruko gaixotasunak, baina medikuarenera nonbaiteko minez joaten badira erradiografia bat edo elektrokardiogramak egiten zaizkie», azaldu zuen Valls-Llobetek. «Inoiz ez dira emakumeak bezala irtengo medikuaren kontsultatik». Adituak salatu zuenez, generoen inguruan bada «emakumeen arazoak arinagoak direla» pentsatzeko joera.
«Gaur egun oraindik, gizon eta emakumeak bere aldetik ez aztertzeak ondorio txarrak dakazkigu. Bihotzekoen kasuan nabarmentzen da gehien aldea».
Berdintasunezko ikerketen gabezia dela eta, gainontzeko zientzietan bezala, egun «estereotipoak daude medikuntzan ere». Hala ere, gauzak aldatzen ari dira.