Hiri hondakinen atez ateko bilketa egiten lehen euskal udalerria izango da Usurbil
Gari MUJIKA |
Hiri hondakinen kudeaketan aitzindariak izango dira usurbildarrak, Udalak eta San Markoseko Mankomunitateak adostu duten hitzarmena dela medio. Hiri hondakinen atez ateko bilketa egingo duen lehenbiziko udalerria izango da Euskal Herri osoan, eta gainera, birziklatzea eta konpostaren sorrera biderkatzeko asmoa dute. Horrekin, Zubietan ezartzekotan diren errauste plantaren aurrean beste aukera batzuk egingarriak direla frogatu nahi du herriak.
San Markoseko zabortegia ofizialki itxi eta hurrengo egunean aurkeztu zuten Usurbilen urtarrilaz geroztik martxan izango den hiri hondakinak kudeatzeko bide berria. Zabortegia hizpide, San Markoseko lehendakariorde eta Usurbilgo zinegotzi Imanol Azpirozek gogor kritikatu zuen orain arte egindako kudeaketa; baita errauste plantaren proposamena ere. «Zabortegia itxi nahi dute, Zubietan errauste planta egiteko», salatu zuen Azpirozek, hondakin organikoak ez zabortegian, ez errauste plantan ez direla sailkatzen nabarmenduz. Eta, horixe da, hondakin organikoa, hain zuzen, bestelako kudeaketa baten gakoa.
Astelehenean herri batzarra
«Usurbilek datuak eskuetan dituela erakutsiko du Zubietako errauste plantak ez duela ez hanka eta ez buru», gaineratu zuen San Markoseko lehendakariordeak.
San Markoseko Mankomunitateko lehendakari Ricardo Ortegak usurbildarrak zoriondu zituen, eta zorte ona opa zien. Mankomunitateko gainontzeko bederatzi udalerriei, berriz, eredu horri arretaz begiratzeko esan zien.
Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak, ostera, oraindik proiektu den eta azkenean herritarrek erabakiko duten sistemaren xehetasunak eman zituen. Hala, datorren astelehenean, urriak 20, herri batzarra egingo dutela esan zuen, eta Usurbilgo herritarrak bertara deitu dituztela, parte-hartze prozesu bati hasiera emateko.
Eraginkorra eta merkeagoa
Erronka handia ezarri diote euren buruari, lehen urrats batean, udalerriko birziklatze tasa %20tik %80ra gehitzea espero baitute. «Auzo-lanean aritzea» eskatzen duen erronka honek, gainera, hondakinen kudeaketa eredu hau egungoa baino merkeagoa dela frogatuko du, Errekondoren esanetan.
Etxe guztietan hamar litroko edukiontziak jartzea, landa eremuetan konposta egiteko bitartekoak, Zubietan «Garbi-txiki» zentro bat kokatzea, industrialdeetan hondakinen tasa bakoitzak sortzen duenaren arabera ordaintzea... Aurreproiektuan alderdi guztiak jaso dituzte, baina, astelehenean hasiko den parte-hartze prozesuaren bidez hartuko dituzte erabaki zehatzak. Izan ere, hitza eta erabakia hasieratik usurbildarrei eman nahi baitie Udalak.