GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Irun-Paris bizikleta martxa

Pedalei emanez, etxebizitza eskubideari aurrea hartuz

Irun-Paris. Horixe da etxebizitza eskubidearen alde atzo abian jarri-tako txangoa. Pedalei eraginez, Christine Boutin ministro frantsesaren etxebizitzari buruzko legeari aurrea hartu nahi dio DAL eragileak. Hamabi egunez ibiliko dira txirrindu gainean, etxebizitza eskubidearen aldarrikapena lau haizetara zabalduz eta baztertuak diren eta izango diren kolektiboak babestuz.

p022_f02_111x111.jpg

Oihana LLORENTE

Etxebizitza irribarretsu bat margotuta zuten txaleko hori distiratsuak soinean zutela dozenaka lagun batu zen atzo Irungo San Juan plazan. Beroketak egiten ziharduten batzuek, eta, bizikleta edo monozikloa apaintzen, besteek. Bidaia luze baten atarian ohiko den kirioen dantza zuten gehienek sabelean, eta ez zen gutxiagorako, hamabi eguneko bidaia luzea baitzuten ikusmiran.

Oinpekoei eraginez, atzo abiatu ziren Irundik, etxebizitza eskubidearen alde diren txirrindulari arduratu hauek. Paris dute helmuga, baina Estatu frantsesera iritsi bitartean, gaur ere gurean izango dira han hemenka bizikleta lagun fin dutela.

Autobus koloretsu batek ireki zien bidea Lapurdin barrena adin eta kolore orotako txirrindulariei. Martxa hartu aurretik, komunikabideen aurrean mintzatu ziren antolatzaileak.

Ekimena, etxebizitzarako eskubidearen aldeko DAL (Droit au Logement) eragileak antolatzen duen arren, Estatu frantses osoko eragile, sindikatu eta alderdiek bizikleta martxa babesten dutela jakinarazi zuten. Atzo, ordea, Estatu frantseseko eragileen ordez, Kepasakonlakasa gipuzkoar elkartea izan zuen bidelagun. Horrela, Estatu frantsesekoa ez ezik, etxebizitzaren arazoa «europar guztiena» dela erakutsi nahi izan zuten.

Etxebizitza duinaren aldeko Gipuzkoako plataforma honek hartu zuen hitza lehenengoz, eta egun bi krisiren aurrean gaudela nabarmendu zuten. Lehen krisia, etxebizitzari dagokiona da, eta, azaldu zuenez, «inork erosi ezin ditzakeen etxeak eraikitzen ari dira, zoroak moduan». Bestetik, «Estatu Batuetako delinkuente batzuek» sortu eta inportatu duten krisi baten aurrean gaudela deritzote. Gogor salatu zuten politikarien jarrera, «gure zergak banku sistemaren krisia gainditzeko erabiltzeagatik».

Mobilizatzeko deia

Krisi honen aurrean lan egitera dei egin zuen Kepasakonlakasa eragileak, eta «benetako etxebizitza politika» galdegin zuen, etxebizitza eskubidea bermatuta egon dadin.

DAL eragileko presidente Jean Baptiste Eyraudek ere hitza hartu, eta gogor kritikatu zuen Christine Boutinen etxebizitzari buruzko lege proiektua. Haren aburuz, onartuz gero, «jende xumearen egoerak okerrera egingo du». Protesta honek Estatu frantsesak daraman politika liberala kritikatzeaz gain, politika horrek «baztertzen dituen kolektiboen ondoan» egon nahi duela azaldu zuen, eta boterean diren politikariak herritarren eskubideekin arduratuta egon baino, «banketxeen, etxebizitza sustatzaileen edota aseguru sistemen» interesak defendatzen dituztela salatu zuen.

Parisera, 26an

Irun atzean utzi, eta Baionarako bidea hartu zuten txirrindulariek. Hiria zeharkatuz, etxebi- zitzari buruzko ibilaldi komentatua egin zuten ZUPeko biztanleekin aperitifa egin aurretik. Gaur, aldiz, Biarritz eta Baionako fakultatera iritsiko da martxa, eta bi tokietan etxebizitzaren egoerari buruzko mintzal- diak izango dira.

Bihar, Euskal Herria atzean utzi, eta Estatu Frantsesean barneratuko dira txirrindulariak urriaren 26a bitarte. Orduan, Pariseko kaleetan barrena, bizikletak alboratu eta manifestazio erraldoia eginez amaiera emango diote DALek antolatutako ekimen honi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo