GARA > Idatzia > > Mundua

Zazpi hilabetetan 819 pertsona hil ditu Rio de Janeiroko Poliziak

Antolatutako gaizkile taldeen kontra erantzun bortitza mantentzen du Rio de Janeiroko Poliziak, eta, bide horretatik, 2008ko lehenengo zazpi hileetan 819 pertsonen heriotzaren erantzule izan da. NBEk eta gobernuz kanpoko erakundeek gogor salatu dute jokabide hori.

p026_f01_148x116.jpg

GARA |

Rio de Janeiroko poliziek uztailaren bukaeraraino ustezko gaizkileekin izandako istiluetan, batez beste 3,84 pertsona hil ditu eguneko, Segurtasun Publikoko Institutuak atzo jakitera eman zituen datuen arabera. Guztira, 819 pertsona zazpi hilabetetan.

Iazko zifrekin alderatuz gero -775 hildako-, aurtengo lehenengo zazpi hilabeteetan polizien esku bizia galdu dutenak %5,7 gehiago izan dira.

Duela gutxi, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) eta Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak gogor kritikatu zituzten polizia kariokek erabiltzen dituzten metodoak.

Rio de Janeiroko Poliziak bere jardunean «neurrigabe» eragiten dituela «hildakoak», eta askotan zigortu gabe gelditzen direla salatu zuen Nazio Batuen Erakundeak, irailean argitaratutako txosten baten bidez. Txosten horren egileak, NBEko Giza Eskubideen Kontseiluko ordezkari Philip Alstonek, azaldu zuen halako kasuak «heriotzarekin bukatutako erresistentzia» gisa erregistratzen dituztenez, inondik inora ikertzen eta argitzen ez diren heriotzak direla.

«Erasoak zibilei»

Amnesty Internationalen azken txostenak salatu zuen Rio de Janeiroko poliziek «zibilei su-armekin eraso egiten» dietela, «bereizi gabe hilez» eta hiriko komunitate txiroak «larderia emanez».

Rio de Janeiro Estatuko gobernadore Sergio Cabralek, ordea, kritika guztiei erantzunez, berretsi zuen Brasilgo hiri esanguratsuenean delinkuentziaren arazoa gainditzeko aurrerantzean ere orain arte ezarritako indar-politikari eutsiko diotela.

«Fusil eta granadekin gogorki armatuta dauden gizatxarrei diskurtsoekin bakarrik aurre egitea posible dela uste duena erratuta dago», esan zuen Cabralek, gobernuz kanpoko erakundearen kritiken berri izan zuenean.

Sergio Cabralen iritziz, berak bultzatutako indar-politika horrek zerikusia izan du eragindako heriotzen murrizketan. Datu ofizialen arabera, bortizkeriaz hildakoak %9,6an gutxitu dira, urteko lehenengo zazpi hileetan guztira, 3.272 izanik. Estatistika egiten hasi zirenetik, 1991tik, zifrarik baxuena da hori, Rio de Janeiroko Segurtasun Publikoko Institutuak aipatu duenez.

%9,6ko murrizketa

Datu ofizialen arabera, Rio de Janeiron ezarrita dagoen indar-politikak zerikusia izan du bortizkeriak eragindako hildakoen kopuruaren murrizketan, zehazki, %9,6 egin du behera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo