Ofiziala da: estatuen hazkunde ekonomikoak atzera egin du. Bankuek lagunduko al dituzte?
Orain arte, sistema finantzarioen kolapsoa izan da guztion kezka. Etxe arrunten eguneroko finantzak burtsatik eta Wall Street-etik urrun egon arren, aberatsen penak herritar xumeen kezka bihurtu dira, halabeharrez. Herritar xumeen diruarekin ordaindu baitira ez xume, ez herritar soil ez diren horien zorrak eta mesfidantzak. Azkenean, diru publikoaren laguntzaz, badirudi finantza merkatuak lehengoratzen hasi direla.
Onera etortze hori nolabait baieztatu zen egunean, burtsek goranzko joerari eusten ziotenean, eta zenbait finantza entitatek krisia beste entitate batzuk erosteko erabili dutela jakin zenean, zenbait aditu taldek eta Europar Batasuneko gobernuek euren ekonomiak atzeraldian direla edo laster izango direla azaldu zuten. Horien artean daude Europako motore diren Alemania eta Britainia Handia.
Eta, puntu honetan, finantza sistemaren aldeko neurriak justifikatzeko orain arte agintariek erabili dituzten argudioak bertan behera geratu dira. Izan ere, entitate pribatuen «ongizatea» herritar guztion ardura da; guztiok jasaten ditugun kalteak, ordea, ez omen dute harremanik entitate horien mozkin basatiekin.