GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Ibon Arbulu, Iñaki O'shea eta J. M. Zalakain Dueñasko espetxetik

Agur eta ohore, Gotzon!

Oraingoan lau berba besterik ez. Aspaldian esan genizkioan elkarri esan beharrekoak. Baina gaurkoan, Gotzon, utz iezaguk sikiera, hi larriki gaixo egon arren, azken hilabeteotan kartzelako ziegaraino, harresiak gaindituz eta barroteak zeharkatuz, animoz eta «beti maitasun handiz» iritsitako hire berba goxo, samur eta ahaztezinak eskertzea. Bihotzez.

«Hainbat urtez zazpi lurraldeetako baserrietan ibilia nauk eta...». Zenbatetan entzun diagu hire ahotik harrotasunez eta itxaropenez jaulkitako esana.

Harrotasunez, hire aitaren amak hautatutako sorlekua eta honen bihotza den euskara errotik maite hituelako. Baserri horietan barrena kausitu huen euskal hizkeraren altxorra.

Itxaropenez, maite huen guzti horren hezur-mamitzean eta biziraupenean zinez sinesten huelako.

Egun, saldukeria, morrontza eta errenuntziak saritzen diren honetan, lau haizeetara zabaltzen huen hire konpromiso tinkoa, mezu sentikor bezain zintzoa eta sinplea: Herri bat, Zazpiak Bat, Euskal Herria. Hizkuntza bat, geurea, bihotza, euskara. Etorkizuna, independentzia.

Orain gutxi bertsotan helarazi genian bezalaxe: (...) inoiz galdu gabe/ dakigun ipar-orratza/ lasai, gauzatuko diagu/ hik duan amets belatza/ independentziaren oihuak/ hortara garamatza.

Izanen gare, gera, gire, gara. Esker aunitz, Gotzon!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo