Natxo Bautista Caballero Mamariga (Santurtzi)
Santurtziko alkatea, bultza ezazu euskara
Barregarria badirudi ere, gauza bera eskatu zion EAJk PSEri. Lehenik, euskara ikasten dihardut eta barkamena eskatzen dut egingo ditudan akatsengatik. Horrez gain, ia-ia hiru urte daramatzat buru-belarri euskara ikasten eta langabea naiz; beraz, nire aurrezki guztiak dagoeneko gastatu ditut gure hizkuntza preziatua jakiteko. Hori dela-eta, denbora horretan diru-laguntza eskatzen ari natzaio Udalari. Lehen Javier Cruz (PSE) zen alkatea eta orain gure Ricardito Ituarte. Baina ez lehen ez orain ez dago diru-laguntzarik. Bada, lehengo egunean Ricarditok esandakoa, kasu, «itxura hutsa», «su artifizialak», «antzerki politikoa», «euskararekiko sentiberatasunik eza»... nori esan behar dizkion galdetzen diot neure buruari. Ricardito jauna, ez al da hobe izango honelako gauzak zeure buruari esatea? Izan ere, denbora luzea daramazu alkatetzan eta oraindik ez diguzu erraztasunik eman diru gutxi daukagunoi euskara ikas dezagun.
Ricardito-eta, ez egin iruzur gehiago herriari, mesedez, eta behingoz bultza ezazue euskara.