Mateok hartuko du Pablo Casarren lekua, Murtziaren aurka
GARA | GASTEIZ
Deportivo Alaves aste honetan egiten ari den lanaren arabera, Jose Manuel Mateo atzelari nafarrak hartuko du Pablo Casarren lekua, Murtziaren aurka, etzi, Mendizorrotzan, 18.30ean jokatuko duten partidan. Gogoan hartu behar da Zaragozaren aurka jokatutako partidan epaileak Casar egotzi egin zuela.
Hala ere, atzoko lan saioan talde babazorroak zer egin zuen esatea ezinezkoa da, Jose Maria Salmeronek erabakitakoari jarraituz, atea itxita lan egin baitzuten arabarrek. Entrenamendua, dena dela, 35 minutukoa izan zen eta, talde gasteiztarreko prentsa arduradunek aditzera eman zutenez, «defentsa ariketak eginez hasi ziren, eta partidatxo bat jokatuz amaitu zuten».
Lan saioa, hala ere, uste baino gogorragoa suertatu zen Gaizka Garitano, Kalderon eta Igorrentzat, min hartuta zeudenez, gainontzeko kideek baino arinago egin behar izan baitzuten aldageletarako bidea. Alaveseko mediku txostenaren arabera, Garitanok ezker hankako izterreko iskiotibialetan gainkarga dauka, Kalderonek ipurmasailean mina sentitu zuen mugimendu bihurri bat egin ostean eta, arrazoi berberagatik, Igorrek ere ileon-hezurrean min sentitu zuen. Hala ere, talde gasteiztarreko sendagileen ustez hiru jokalariok ez lukete arazorik izan behar ostera ere beren kideen erritmoan entrenatzeko.
Nacho Garrok eta Fagoagak, berriz, bere kautan burutu zuten entrenamendua, oraindik senda-agiririk ez dute-eta. Gaur goizean, izango dute hurrengo entrenamendu saioa, 10.00etatik aurrera.
Etxeko puntuen beharra
Lan saioaren ostean, Bernardo Dominguez talde babazorroko atezain titularra azaldu zen prentsa aretora. Bere aburuz, Zaragozaren aurka galdu izanak -Mendizorrotzatik kanpora arabarrek segidan galdu zuten hirugarren partida izan zen hura- etxean lor daitezkeen puntuen garrantzia areagotu egiten omen du.
«La Romaredako emaitza oso txarra izan zen guretzat. Ondorioz, larunbateko puntuak, nahi eta nahi ez, beharko ditugu, hori eginez gero, Gasteiztik kanpo jokatzen dugun hurrengo neurketan, Alacanten, gure bidea zuzendu dezagun», iritzi zion.
Aurkaria, alabaina, ez da nolanahikoa izango: Javier Clementeren Murtzia. Sailkapenean atzean sartua egonagatik, errespetua erakutsi zion Bernardok Mediterraneoko taldeari.
«Talde oso ona dauka Murtziak, zalantzarik gabe. Hala ere, egia da arazoak dituztela, puntu gutxi pilatu baitituzte orain arte. Horregatik, kontuz ibili beharko dugu beraien aurka, zailtasun eta traba handiak jarriko dizkigutelako. Hala ere, Mendizorrotzatik punturen bat ateratzea aurkarientzat ere zaila izaten da», esan zuen.