GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Polizia frantsesak kargurik gabe aske utzi du Zigor Goieaskoetxea

Kasik bi egun Baionako polizia-etxean atxiloturik eduki ostean, astearte gauean utzi zuten aske Zigor Goieaskoetxea Batasuneko kidea. Amnistiaren aldeko mugimenduak aditzera emandakoaren arabera, bere aurka inolako kargurik gabe utzi zuen aske Polizia frantsesak. EHAKren finantzabideen eta Ducasse sukaldariak Bidarrain zuen luxuzko jatetxearen aurka izandako erasoaren gainean galdetu diote.

p012_f02_70090.jpg

GARA |

Astelehen goizean polizia frantsesek atxiloturik eraman zuten Zigor Goieaskoetxea Batasuneko militantea kargurik gabe aske utzi zuten astearte gauean, 23.00 inguruan. Laurence Le Vert Pariseko epaile bereziaren aginduz atxiki, eta bi egun Baionako komisarian eduki ostean, Goieaskoetxeak «Kazeta.info»ri azaldutakoaren arabera, hiru polizia taldek parte hartu dute egunotako itaunketetan; Ducasse sukaldariak Bidarrain zuen luxuzko jatetxearen aurka 2006an izandako erasoaren eta EHAK alderdiaren finantzabideen gainean aritu dira galdezka.

Pariseko auzitegi bereziak irailean Batasuneko ordezkarien aurka Ipar Euskal Herrian egindako polizia operazioan atxikitzea lortu ez bazuen arren, astelehenean, Biarritzen, etxetik ateratzen ari zenean, 11.45ean, atxilotu zuten Goieaskoetxea kalez jantzita zihoazen poliziek. Lehenago ere agertu zen jendaurrean Goieaskoetxea, Jon Goio Batasuneko kidearekin batera, Garzon epaile espainolak EHAK alderdiaren gainean abiarazi duen prozeduran agertzeko deia baitzuen, baina, biek jendaurrean jakinarazi zuten Madrilera ez joateko erabakia. Goio ere atxilotzen saiatu ziren Batasunaren aurkako operazioan.

Elkartasunak haserrarazi ditu

«Kazeta-info»ri egindako adierazpenen arabera, Batasuneko kidearen itaunketetan hiru polizia talde aritu dira. «Nire engaiamendu politikoa berretsiz, ez nuela beraiekin kolaboratzeko asmorik azaldu diet», gaineratu du.

Baltasar Garzonek Goieaskoetxearen eta Goioren aurka euroagindua ezarri zuela jakin zenetik, noiz atxilotuko zituzten zain zeuden biak. Joan den astean prentsaurrekoa egin zuten bi militanteok, Batasunaren aurka Parisek abiatu duen erasoaldia salatuz. Bertan, gainera, hamazazpi bat eragilek parte hartu zuten, babesa erakusteko asmoz. Atxilotzeko arrisku bizian izan arren, beren militantzia politikoari eusteko erabaki irmoa berretsi zuten bi kideok.

«Frantzian geuk agintzen dugu»

Agerraldi horrek, Goieaskoetxearen esanetan, haserrea sortu du. Prentsaurrekoan esandakoa «manipulazioa» besterik ez zela aurpegiratu zioten poliziek, «euroagindu horren berririk ez dutela» azalduz.

«Garzonek ez du eginen nahi duena Frantzian, hemen geuk agintzen dugu», esaten zioten poliziek Goieaskoetxeari, berak adierazi duenez.

Laurence Le Vertek oraingoz atxiloketon arrazoiak ez ditu argitu, baina poliziakide frantsesen esanetan, behintzat, ez dago inolako euroagindurik Goieaskoetxearen eta Goioren aurka, azken egunotan bestelako ustea zabaldu bada ere.

Halere, eta poliziek egindako itaunketen nondik-norakoak oinarrian hartuta, Garzon epaile espainolak egindako zitazioaren arrazoiak azaleratu dira, duela hilabete pasatxo auzitegi espainolek legez kanpo utzi duten EHAK alderdi politikoaren finantzabideen gainean aritu baitzaizkio galdezka. Baita, Ipar Euskal Herrian azken urteotan izandako polizia operazio ugaritan agertu izan den bigarren gai bati buruz ere: Ducasse sukaldari frantsesak Bidarrain zuen jatetxearen aurkako erasoa.

Paris aurrekari «arriskutsuak» ezartzen ari dela ohartarazi dute

Estatu frantsesak azken garaiotan eman dituen pauso errepresiboak oinarritzat hartuz, Parisen euskal preso politikoak defendatzen dituzten Yolanda Molina, Xantiana Cachenaut eta Miren Illarreta abokatuek, Anaize Funosas Askatasuneko kidearekin batera, prentsaurrekoa egin zuten atzo Baionan, funtsean arrazoi politikoak dituzten aldaketa judizial larriak egiten ari direla ohartarazteko.

Zehazki, hiru kasu aipatu zituzten: Unai Fano eta Maria Lizarragaren egoera, Kalaka afera eta Lorentxa Beyrie preso politikoari ezarritako azken kartzela zigorra.

Versailleseko auzitegiak bihar aztertuko du Fanoren eta Lizarragaren aurka ezarritako euroagindua. Horren harira, aurrekari bat izan daitekeen kasu bat dela salatu zuten. Izan ere, prozedura honetan Parisek eta Madrilek eman dituzten pausoak ez baitaude aurreikusita inongo lege edo arau juridikotan. Bi euskal herritarrak Estatu frantseseko udalerri batean atxilotu zituzten; bitartean, Rubalcaba ministro espainolak «berehala» Madrilera eramango zituztela esan zuen. Legez, hori ezinezkoa dela azaldu zuten atzo abokatuek, eta Parisek egindako «denuntzia ofiziala» eta Madrilek azken unean sortutako euroaginduak ere ezinezkoak direla.

Abokatuon esanetan, «denuntzia ofiziala» egitea -beste estatu bati uztea eurak epaitzeko eskumena- posible izango litzateke baldin eta atxilotuak frantziarrak eta Estatu espainolean harrapatuak izan balira. Beraz, legedi frantsesari jarraituz, lehenik eta behin Frantzian ustez egindakoengatik erantzun beharko lukete Fanok eta Lizarragak. Gainera, bion aurka Madrilek ezarritako euroaginduak ere ez duela balio argitu zuten, horretarako, atxilotuak izan aurretik abiarazia beharko bailuke haien aurkako prozedurak. Ez da horrela izan. Horiek horrela, «aurrekari arriskutsua» ezar dezaketela ohartarazi zuten abokatuek, baita gogor deitoratu ere Madrilen jaso dezaketen zigorra Parisekoa baino hiru aldiz gogorragoa izan daitekeela.

Bestalde, Donibane Garaziko Kalaka tabernaren inguruko aferaz hitz egin zuten. Atxilotuak izan diren dozenaka eta dozenaka herritarren aurka inolako akusazio objektiborik ez dela argitu, eta Euskal Herrira itzultzeko lau herritarrei ezarritako debekua gogor kritikatu zuten; are gehiago, neurri hori artean bideratzen ari diren auzi batean hartu dutela aintzat hartuz.

Azkenik, atxilotu eta zazpi urtera berriki epaitu duten Lorentxa Beyrieren kasua salatu zuten, Poliziari torturapean egindako deklarazioetan oinarritu baita Paris bera zigortzeko. Askatasunak, herritarrei mobilizatzeko deia egin die. Gari MUJIKA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo