GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

Alpinismoa

Shisha Pangmari uko egin dio Edurne Pasabanek eguraldi txarra dela-eta

A. G. | BILBO

Urriaren 5ean Manasluko tontorra zapaldu ostean, Edurne Pasabanek segidan Shisha Pangma -8.027 metro- igotzeko asmoa zuen. Bere ibilbideko hamabigarren «zortzimilakoa» zatekeen tontorrera igotzea erdietsi izan balu. Alabaina, hotza, haize bortitza eta izotza dela-eta, mendizale tolosarrak Shisha Pangmari uko egitea erabaki zuen. Hauxe zuen Pasabanek Shisha Pangma igotzeko hirugarren saiakera.

«Oinarrizko kanpamendutik ia ez gara atera ere egin. Hotza eta haizea izugarriak dira eta urriaren amaierara arte ez omen du hobetuko. Beraz, etxera itzultzea erabaki dugu», esan zuen.

Hotzaren eskarmentua

Haizeak eta hotzak eragin du Edurne Pasabanen eta Asier Izagirreren espedizioak atzera egitea. Pasabanek K-2an 2004an behatz puntak galdu zituenekoa zuen gogoan.

«Elur larregirik ez dago. Alde horretatik, mendia igotzeko moduan dago, baina hotz handia egiten du eta haize zakarra dabil. Gora abiatzea erabakiko bagenu, hatzak izozteko arriskua izango genuke, eta nik aurretik hori zer den badakidanez, beldur handia ematen dit. Nahiago dugu ez arriskatu».

Datorren asterako Euskal Herrian egotea espero du Pasabanek eta, antza, datorren udaberrian itzuliko da Himalaiara. Hain zuzen, Kangchejunga, munduko hirugarren mendirik garaiena, 8.586 metrokoa, igotzeko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo