GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Milioika lagunen gosea, krisirik larriena

Noizbehinka, munduan zehar hedatzen ari den gosearen berri ematen dute gobernuek eta nazioarteko erakunde ofizialek. Gaur, esate baterako, hala egin dute, Elikaduraren Nazioarteko Eguna baita. Krisiak finantza sistema gogor jo duen honetan, mundu aberatsak tartetxo bat eskainiko dio herri txiroetako biztanleek sufritzen duten egoera lazgarri eta etengabeari; gobernuetako ordezkari batzuek behin eta berriz ahoskatuko dute «elkartasun» hitza, zenbat eta gehiagotan ahoskatu orduan eta solidarioagoak balira bezala, FAOk oraindik orain jakinarazi dituen datu gordinak hitzez arinduko balituzte bezala. Datu horiek zenbaki potoloak erakusten dituzte, 923 milioi, hain zuzen, eta kopuru hori desnutrizioa jasaten duten, goseak kolpatzen dituen gizon, emakume eta haurrei dagokie.

Egungo krisi egoera larria da, eta oraindik okerrena ez omen da etorri. Baina krisia aipatzean, azkenaldion batez ere, finantza munduan eta merkatuan izan dezakeen eraginean soilik pentsatzeko joera dago. Krisialdia inbertitzaileek dirua galtzen duten garaia baino ez da mundu aberatsean. Munduko biztanleen ia seiren bat goseak bizitzea -hobeto esanda, bizirautea- krisia ez balitz bezala. Izan ere, horixe da krisirik larriena, eta krisi iraunkor horren kausak ezagunak dira: espekulazio ikaragarria, oinarrizko elikagaiak nekazaritza-erregaien produkziora bideratzea, enpresa handien interesen araberako laborantza, baliabide naturalak agortzea, klima aldaketari aurre egin beharrean arrisku hori areagotzen duen eta etekinak herrien pobreziari esker ateratzen dituen eredua. Jakina da, halaber, krisi horrek baduela konponbidea, baina ez da esandako eredu hori darabilen sistemarekin bateragarria.

Lehen Munduko gobernuek, antza denez, ezin dute «elkartasun» hitza aipatu besterik egin, are gehiago azken aldi honetan, nahikoa ardura baitute hainbat herrialderen elikadura-subiranotasuna eragozten duen sistema ekonomikoa erreskatatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo