Joxean Agirre Agirre Soziologoa
Nafarroa arragoa
Xabier Leteren abesti ezaguna aitzakia hartuta, Joxean Agirrek Nafarroaren zentralitate politikoa aztertzen du, haren historia beltzeko gertaerak gaur egungo egoerarekin alderatuz. Gatazkaren konponbideari begira ere, Nafarroan kokatzen dira batzuen eta besteen mugak eta mugarriak. Horrexegatik, Agirrek hauxe ondorioztatzen du: «Batzuentzat, nafarren hitza eta erabakia gakoa zen, eta Anaitasunan iragarritako proposamenean argi eta garbi, hamarka kazetari lekuko, hala dago jasota. Estatua eta bere aliatuen xake-taulan, baina, Nafarroa zen langa».
Nafarroa, arragoa,/ argiaren pausaleku/ haizearen ibiltoki zabal,/ hesirik gabea». Xabier Leteren kanta zahar ezagun hura baliatu dut, baimenik gabe, urriko orbelean oinatza uzteko. Ez dago ulertzerik Euskal Herria Nafarroa aintzat hartu gabe, eta Nafarroan gertatutakoak lotura zuzena izaten du gainerako lurraldeetan ere nahaspilatzen zaiguna ulertzeko. Ez da tesi ausarta, ezta berria ere, baina azken asteotan indarberriturik ageri zaigu han-hemenka, esparru askotan gainera. Nafarroa, kultura, tradizio politiko, hizkuntza eta paisaia ugari nahasten dituen topalekua da, gure Herri handiko labean urturiko gazi-gozoak biltzen dituen arragoa. Duela bi urte, Loiolako triangelu isoszele hartako area barruan, Nafarroaren etorkizunak egundoko protagonismoa izan zuen. Batzuentzat, nafarren hitza eta erabakia gakoa zen, eta Anaitasunan iragarritako proposamen politikoan argi eta garbi, hamarka kazetari lekuko, hala dago jasota. Estatua eta bere aliatuen xake-taulan, baina, Nafarroa zen langa. Sekula gainditu behar ez dena, ukazioaren gakoa eta gerra luzatzeko aukeraren marra gorria. Txinparten argitasunak agertokia piztu eta berehala, bertatik bertara ikusi dute nafarrek espainiar geoestrategiaren ur sakonetan zer toki garrantzitsua duten. Abertzalegoaren hegemoniarako lehian ere, lehen mailako plaza, nonbait.
Nafarroa, arragoa,/ sua eta ura,/ kondaira urratu baten oihartzun oihukatua». Bi tradizio politiko elkarri muturka. Konstante historiko horren ondorioak, aitzitik, ez du agertoki parekaturik ekarri bertoko politikagintzara. Molak sustaturiko kolpe militarraren ondare odoltsuak egun kolpatuta jarraitzen duen segmentu soziala izan zuen oinordekotzat. Fusilamenduak, desjabetzeak, bazterkeria, umilazioa eta ezkerraren zein abertzaletasunaren lurperatzea izan ziren aro oso baten nortasun ikurrak. Hamarkadak igaro arren, logika berean abailtzen da politika instituzionala Nafarroan, moral eskuindarra, indarkeria faxista eta euskal identitatearen gorrotoa dituela hiru hankak. Jo puntuan, betikoak. Lehen ziren makiak, Rodeznoko kondeak antolatu zuen kontragerrillak (Somaten) eta Guardia Zibilak besoz beso borrokatu zituztenak. Geroxeago langileria eta ezkerreko militanteak, herrialdean zehar zabaltzen ziren lantegietako enpresa komiteak, koadro klandestinoak eta nazio eta klase kontzientziaren arteko uztardura. Diktadorearen desagertzearekin, ezker abertzalea bihurtu zen itzali beharreko suaren paradigma, eta Jurramendiko triskantza, 1978ko San Ferminak eta, besteak beste, Gladys del Estalen hilketak izan ziren kondaira urratuaren mugarriak. Anartean, egungo erregimen politiko instituzionalaren trajerako neurriak ari ziren hartzen, tradizio politiko bakoitzaren aitzindaritza jokoan.
Urte luzetan, Herri Batasunak ardazten zuen korronte abertzaleak nagusitasuna erdietsi zuen erreakzioaren kontrako tradizioan. Arrago hartan nahasten ziren, oso natural, Pirinioetako euskara eta Erriberako igitaia. Orain gertatzen den bezala, larrutik ordaintzen zen atrebentzia: Igor Porturen aurrekoa izan zen Mikel Zabaltza; Mikel Castillo bezala, defentsarik gabe eta Iruñeko kaleetan desarmaturik hil zuten Jose Luis Cano; German Rodriguez eta Angel Berrueta tiroz hiltzeko munizio berbera erabili zuen Polizia espainolak. Berriki, Nafarroan Espainiako delegatua den Elma Saiz-ek sarekada polizialak txalotu ditu, Segi edo Ekin-eko ustezko militanteak espetxeratzean bake publikoa eta demokrazia sendotzen direlakoan. Javier Ansuateguik eta beste gobernadore zibil ohi askok antzerako astakeriak justifikatzen zituzten ordenamendu frankista babestearren. ETAren ingurumaria eta gorri-separatisten Hidra gero eta antzerakoagoak dira: mila buru dauzkate eta Nafarroaren nahiaren aurka dihardute. Finean, euskal nazioa sorburu eta helburu duen proiektu politikoaren beldur direnen aldetik erraz uler daiteke indarkeria betikotzeko asmoa. Baina Sartagudako hilarrian agertzen diren borrokalari askoren alderdi eta sindikatukide direnen aldetik, ordea, mingarriak ez ezik, okagarriak ere badira konplizitatea eta isiltasuna, errepresioaren erabilera eta alegiazkotasuna.
«Nafarroa, arragoa/ mahats eta gari/ maitasun eta gorroto/ gezur eta egia gurea». Paper zaharrak irakurriz, akordura ekarri beharreko batzuk topatu ditut 1976ko kroniketan. Herriko plazan puzker bat botatzeagatik mila pezeta ordaindu behar izan zituen Jose Maria Makazagak, eta Ana Belen abeslariaren kontzertu baten antolatzaile gisa azaltzeagatik, ehun mila pezetako isuna ezarri zitzaion Tako Pezonaga iruindarrari, kontzertu aretoan ikurrina agertu zelako. Urte berean, San Fermin Txikiko jai egitarauko euskal kantaldi bat debekatu zuten agintariek. Guztira, 37 hitzaldi, 11 musika emanaldi, 46 batzar eta 17 manifestazio baimen ukatu zituen Perez de Sevilla gobernadoreak, Fragak izendatu zuen morroi leialak.
Aurten, urrian besterik ez gaudela, ospitaletik pasatu dira guardia zibilek atxilotutako hiru nafar; herri eta gazte mugimendutik lan egiten zuen jende andana eraman eta espetxeratu dute; Martxoak 8an Iruñean manifestatu nahi ziren pertsonek ubeldurak eta salaketak jaso zituzten ordainean; UPNk eta bere poliziek inbaditu zuten jai eremua uztailak 7an, San Fermin Txikian, Barañainen, herri ekimena ito nahian; Foru Poliziak esku-hartze gero eta kezkagarriagoa izan du han eta hemen, eta Iruñeko Udaltzaingoak pertsona bat hil du dagoeneko. Marka ederra hemeroteka lan konparatiboetarako. Hala eta guztiz ere, eskuindarren usadioan lehengo lepotik burua izatea guztiz normala da. Zer pentsatua ematen duena besteen jokabidea da, izan ere biktima izatetik borrero izatera edo, apalago, gor-mutu, konplize izatera pasatu direnena. Hor dago koska, maitasun eta gorroto, gezur eta egiaren arteko talkatik harantzago, soilik zenbakiak oinarri dituen ekinbide politikoarena.
Nafarroa, zuhur eta eroa,/ lurrik maitatuena,/ hormarik gabe utzitako etxea». Bai, haizea harrotuta dabil Nafarroan. Lurraldetasuna estatu arazo aspaldi bihurtu eta egikaritu zuten espainiar alderdiek estrategia bateratua sendotu dute berriro ere. Enegarrenez, azpiegitura eta aurrekontuen aitzakian, gure lurrik maitatuenari gatza botako diote erraietan. Bardeak zulatuko dituzte beste hogeita hamar urtez, euskararen hedapen naturala kamustuko dute dekretu eta lege bidez, eta, Rubalcabaren paradigma biolento berriari alfonbra gorria zabalduko diote amultsuki. Ekaitzaren danbatekoek eragindako kaltea norainokoa den bost axola zaiola, ez ikusiarena egiten jarraituko du NaBaik. Dagoeneko EAJk irentsi du zopa horren fideorik gehiena, eta proiektuaren endekapena bistakoa izango da aurrerantzean, poltronak okupatzeko ezinak bultzatuta, mantel gaineko ogi apurren banaketa lanean hasi bezain laster. Oilar gehiegi eta arto gutxiegi, gauza onerako. Horratik, hain justu, hormarik gabe nahi dute etxea, eta gu haizetearen mende nahi gaituzte. Xabier Letek, bere ibilbide luzean, askotan errebindikatu du ekinbiderako lelo ezagun bat: «Ahal den guztia, bideragarria denean». Horma berriak altxatzen hasteko abertzalegoaren hegemonia behar dugu, Nafarroan batik bat, gure proiektuarekin irabazteko bideragarritasuna talaia horretatik aurkitu behar baitugu. Euskal Herri berrirako gaurko soluzioak, biharko aukerak izan daitezen.