GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

«Marsellesa»ri txistu, xilkoari beha gauden orori txistu

Stade de France. Paris. France-Tunisie partida. Lagunen arteko norgehiagoka...edo. Ministroak, lasaiki, ordaindu gabe futbolaz gozatzeko prest. Burtsa gora, burtsa behera. Kirola osasuntsua da. Kaka zaharra! Zer dira txistu horiek? Ereserkia entzutekorik ez.

Gora eta behera, merkatuak ez al du inoiz preziatuko guzien sosaz eginiko oparia? Milaka milioi sarturik ere ez digu atsedenik emanen. Ufff. Goazen, bada futbol zelaira aberrikeriaz asetzera. Kaka bi aldiz! Zer dira txistu horiek? Berriz altxatu da racaille madarikatu hori?

Nola da posible hamarkada luzez basati horiek europar zibilizazioren epeltasunean gordetzeko egin dugun sakrifizioa ez baloratzea? Zergatik txistu eginen diote beren haurrei irakatsi genien askatasun kantari?

Gobernu bilera. Futbol agintariak eta ministroak, denak neurriak hartzeko prest. Hurrengoan, baloia pitzatuko omen dute. Baietz partida gelditu, eta hanka eginen dutela. Kar, kar, kar. Banlieuetan barrez leherturik dira. Futbola eta merkatua jaun eta jabe dira mundu honetan: hori ez da kolokan. Batean zein bestean sosak agintzen du. Eta sosak aberririk ez duenez... ala nazionalizazio garaietan bai?

Zortzietako telejournalean agertzeko denak balio du. Berriak zein txantxak. Nork jakinen du zer den zer? Burtsa saltoka. Eta hiritarren erosteko ahalmena babesteko deus egin ezin omen duen Elisioko nagusiak mailegu berriak hartzen ditu, budgeta handituz... Bost axola. Denok ordainduko dugu, larrutik bada ere, lapurren demasiak eta gobernuen nahikeria.

«Marsellesa»ri txistuka. Oposizioa burumakur duen Ben Ali presidentea lagun mina dugu. Duela egun gutxi Prentsa Askatasunaren Nazioarteko Eguna izan da. Konplexurik ez, hedabideak isilpean dituen jauntxo tunisiarra aliatu preziatua da, eta Elisioko ateak irekiak ditu.

Alta, frantziarren ereserkia aski ederra da. Iraultzaile oso. Bortxa politikoaren aldarrikapena eginen du.. baina, «oso bestelako» garai batekoa denez...

Burtsa ala bizitza. Milioika sabel hutsik. Kutsaturiko funtsen erruz ala pozondurik dagoen ereduaren ezinbesteko ondorioa? Txistuak, belarriak eztanda egin arte, kontzientziak esnatu arte, txistuak. Besterik merezi ote dugu xilkoari begira gauden harrapatzaileen subditoek?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo