GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Krisi ekumenikoa

Krisi ekonomikoak finantzen munduan zegoen konfiantza mesfidantza bihurtu du. Fidagaiztasuna, azken batez. Gaur inor ez da finantzez fio, broker kristaua bada ere. Are gehiago, gaur inongo bankuak ez du fidatzen; semen-bankua izan daiteke salbuespena, salbuespenik izatekotan. Krisi ekonomikoak ekumenikoa ekarri du, edo alderantziz? Jainkoak berak baleki! Kontua zera da, Vatikanoak eguzki-panelez josi berri ditu bere Hiriko hainbat eraikin enblematikoren teilatuak, nonbait zerutik datorkien iluminazioa nahikoa izan ez eta eguzkiarena ere baliatu behar dute. Ez, ez dira sasoi onak oraingoak Elizarentzat. Europa Batasuneko estatu buruek ere horren kezka azaldu dute ospatu berria duten Kontzilio Ekonomikoan, eta Elizaren egoeraren larritasunaz ohartuta epe motzean beste Kontzilio baterako deia egitea deliberatu omen dute, Ekumenikoa hurrengoa. Bai, Eliza errezesioan sartu da, bi hiruhilabeteko jarraian fededunak galdu ondoren. Kristautasunaren desazelerazio arina! Hauxe kristoa! Elizaren aktiboen balioa den fededun dirudunen kopurua behintzat nahi dute berreskuratu; ekonomistek klima aldaketarena bezala ekumenistek fedearen kontua nahi dute momentuz bazterrean utzi. Eta horra Europa Batasuneko buruak erreskatera joateko prest, plana eta guztiz! Euskal Herriak hegotik gertu duen estatuaren buruak, kasurako, konpromisoa hartu du, hamaika milioiko kristau-kopurua bermatzekoa hain zuzen ere; krisia krisi, kopuru hori gutxituko balitz militante sozialistez beteko luke defizita. Erreskate-planak, hala ere, behartu egiten du Eliza, honek ere konpromisoak hartu ditzan. Besteak beste, aurrerantzean artzapezpikuen soldata egokitu, eta nominaz pagatu beharra; beltzean ezer ere ez. Orain arteko ostiak ere pisuz hamaika gramotan gehitu beharra, Nafarroako okindegiek ogian egin bezala, promozio horrekin kaletar gehiago elizaratuko direlakoan. Elizara sarrera dohainik mantenduko da, baina elizatik ateratzean kobratuko da tasa bat, ekotasa modura, eta jendeari barruan dela jakinaraziko zaio, badaezpada. Preserbatiboak ere onartu eta fededunen artean banatzeko prest omen dago Eliza, asko kostata; hori bai, zulatuak. Eta bada Elizaren Administrazio-kontseiluan islamari Opa hostila egitearen aldekorik ere. Etxe Zuritik guztiz bat agertu dira honekin, hostila izatea ostiak banatzen hastea delakoan. Aitaren, semearen eta bestearen izenean, beti ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo