GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Rikardo Arregi 2008/10/13

Nazionalizatu

DEIA

Nire lagun baten amona, ezker zaharraren eskola zaharrekoa, ez zebilen oso pozik sozialistek Espainiako gobernua eskuratu zutenean 1982ko udazken urrun hartan. «Hauek, hauek ez dute ezer egingo», esaten zigun, «bi gauza bakar-bakarrik: Goardia Zibila deuseztatu eta bankuak nazionalizatu». Guk barre egiten genion emakumearen ateraldiari, bi ekimen horiexek ezinezkoenak iruditzen zitzaizkigulako. Gauzak, baina, aldatzen dira. Ez goardia zibilen kasuan, ez. Hor segitzen dute txapelokerrek txapel okerrak buruan.

Bankuenak, aldiz, beste bide bat hartu duela dirudi. Ezker zaharraren eskola zaharrekoentzat bankuak nazionalizatzea iraultzari ateak irekitzea zen, kapitalaren azken hatsa eta hil kanpaia, zutik lurrean kondenatu garen langile tristeon paradisurako bidea. Egunotan bankuak nazionalizatu dituzte hainbat herritan, eta litekeena da banku gehiago nazionalizatzea hurrengo asteetan. Hala ere inork gutxi pentsatzen du Internazionalak iragarritako aldaketak berehala etorriko direnik mundura. Kapitala azkarra da, lixtoa; orain arte neoliberalismoaren zelofana erabili badu ere, ez du arazorik bertan behera utzi eta opari paper berria erabiltzeko. Bankuak nazionalizatzea ez da jadanik arriskutsua.

Zerbait ikasi beharko genuke kapital jaunarengandik (...). Nik, adibidez, Arzak nazionalizatuko nuke, basko unibertsala denez ez zaio gehiegi arduratuko basko unibertsal nazionalizatu izatea. Pelotariak nazionalizatzea, ondare publiko bihurtu, guztion eskura eta eskuetara jarri, ere ez legoke gaizki. Ikastolen Federazioa ere bai. Ez, ez, hori bai izango litzatekeela arriskutsua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo