Gaixorik larri dagoen Rego Vidal Euskal Herrian dago bi urteko ibilbidearen ostean
Osasun egoera larrian den Juanjo Rego donostiarra Langraizen dago ostirala ezkero. Bi urte eman dituzte bera hurbiltzeko eskatzen, konfiantzazko medikuek artatu dezaten. Amnistiaren aldeko mugimenduak salatu du «oso baldintza kaxkarretan» lekualdatu dutela.
GARA |
Juanjo Rego Vidal, gaixorik larri dagoen preso donostiarra, Langraizko espetxean dago ostiralaz geroztik. Mansillako presondegian zuten preso, Leonen, eta astearte goizean jarri zuten lekualdatzeko bidean. Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duen eran, «oso baldintza kaxkarretan» egin du bidaia.
Regoren gaixotasunagatik, egokiena bidaia anbulantzian egitea zela azaldu du amnistiaren aldeko mugimenduak, igorritako oharrean. Donostiarra preso politikoa izateak, ordea, hori «ezinezkoa» bihurtzen duela salatu zuten.
Regok 69 urte ditu eta artatu gabeko gaixotasun larriak jasaten ditu aspalditik; garuneko hodietako gaitza du, eta dagoeneko izan ditu bi tronbosi; gainera, ikusmen eta entzumen arazo larriak dauzka, eta hipertentsioa eta diabetesa ere bai.
Preso gaixoek, 92. artikuluari jarraituz, kalean egoteko duten eskubidea edota beren zigorra eteteko eskubidea Auzitegi Nazional espainolak errespetatzen ez zuela ikusita, Regoren abokatua presoa hurbiltzearen alde borrokatu da, konfiantzazko medikuek bera Euskal Herrian artatzeko.
Duela bi urte abiatu zuten bide hori, eta orain lortu dute Rego Euskal Herriratzea. Lekualdatzea, ordea, ez da xamurra izan: hiru egunez izan dute Rego alde batetik bestera, polizia furgoietan «diabetesa neurtzeko gailua eta sendagaiak poltsa batean garraiatzen zituela», azaldu du mugimendu antierrepresiboak.
Mansillatik Galiziara eraman zuten, eta hortik Santanderrera, baina, azkenik, Langraizera ekarri dute Rego. Joan-etorri horretan berarekin batera zihoazen gainerako preso arruntak bidean zehar tabakoa erretzen zutenez, donostiarraren osasun egoera areago kaltetu dela ohartarazi dute oharrean.
Texeiroko espetxean zegoela, Galizian, preso donostiarrari ondoeza egin zitzaion, baina bertan sendagai egokirik ez zutenez, preso arrunt diabetiko batek utzi behar izan zizkion beraren sendagaiak, eta horri esker etorri zen bere onera.
Regok zailtasun ugari gainditu behar izan ditu Euskal Herriratzeko, eta bere abokatuaren esanetan, arrazoiak «politikoak izan dira eta ez juridikoak».
Joan den irailean zuen Euskal Herriratzeko eguna jarrita, baina denbora falta argudiatu, eta ez zuten orduan ekarri. «Pazientzia amaituta» zuela esanez, bi egun gose eta egarri greban eman zituen, bere sendagaiei ere muzin eginez.