Lehen garaipenaren bila
Aldaketak markagailura ekarri behar dira orain
Jose Antonio Camacho sistema eta aurreko lerroak berrituz estreinatuko da Osasunaren aulkian.
SPORTING - OSASUNA
GARA | IRUÑEA
Aste nahiko zalapartatsu baten ondoren, Osasunak benetan inporta duenari ekin behar dio gaur. Denboraldiko lehen garaipena eskuratzen saiatuko dira gorritxoak, aulkian egon den aldaketa zelaira eta, batez ere, markagailura ekartzeko.
Aurkari aproposa ematen du Sportingek. Alde batetik, gauzak nola doazen ikusita, nafarren aurkari hurbilena delako eta, beraz, puntuek balio bikoitza dutelako. Bestetik, oraingoz, Lehen mailako talderik eskuragarrienen artean dagoelako. Osasunak ez bezala, zuri-gorriek garaipen bat lortu dute dagoeneko, baina bost porrot ere bai, sekulako jipoiak jasoz, gainera. Izan ere, gol gehien jaso dituen taldea da (20), eta gehienak (13), soilik bi partiden artean bildu zituzten.
Ildo horretan, aurkari egokia izan daiteke iruindarrentzat, orain arte sufritu duten lasta nagusia punteria falta izan baita. Horrekin zerikusia du, hain zuzen ere, Jose Antonio Camachok taldeari emandako lehen ukituak. Murtziako entrenatzaileak orain arte jokatzen aritu izan diren jokalari gehienak hamaikakoan utziko ditu... zelai erditik atzera, baina. Izan ere, El Molinonen arituko diren atezaina, atzelariak eta, gutxienez, bi erdilari, Racingen aurka jokatu zuten berberak izango dira. Beste bi, Masoud eta Nekounam, zalantzan daude, baina batez ere atzora arte ezin izan dutelako taldearekin batera lan egin.
Hortik aurrera, aldaketak, bai sistemari dagokionez -bi aurrelari arituko dira-, bai izenei dagokienez ere. Horrela, bere lesioa gainditu ondoren, Ezkerro hamaikakora itzuliko da, Kike Solaren eta Portilloren bizkarrak zainduz.
Ilusioa, lana... eta golak
Berrikuntza horiekin batera, Camachok berak «ilusioa eta lana» eskaintzen dituela esan du, horrek «miraririk» ziurtatzen ez duela badakien arren.
«Nik ez dut miraririk egiten -adierazi zuen atzo entrenatzaileak-. Taldea garaipenera bideratzen saiatuko naiz. Egun gutxi daramat hemen baina irabaztea espero dut, eta jendea ilusionatzea. Horretarako, ahal dudan lan eta ilusio guztia jarriko dut eta garaipena ez bada lehen saiakeran heltzen, bigarrenean edo hirugarrenean helduko da. Baina argi dagoena, zera da, lanaren bidez helduko dela».
Larrituta ez badago ere, lehen garaipen hori gaur bertan ospatu nahi du Camachok. Argi dauka, horretarako, golen arazoa gainditu beharra dagoela. «Jokalarien jarrera oso ona da -esan zuen-, baina atera heltzeko erraztasun gehiago behar dute. Nik neuk argi daukadana hau da: zuk gol bat sartuz gero, aurkariak bi behar ditu. Eraso egin behar duzu horretarako, eta ez bestearen akatsei esker, zeure trebetasunari esker baizik».