GARA > Idatzia > Kirolak > Eibar

Talde gorri-urdinak ohitura onak gorde nahi ditu

 
EIBAR - CORDOBA

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Gaurko partidari aparteko garrantzirik eman nahi ez dioten arren, gorri-urdinek argi daukate gaur garaipena nahi eta nahi ez lortu behar dutela. Azken jardunaldiotan eskuratutako emaitza txarrak jaitsierako postuetatik gertuegi utzi dute Eibar, eta taldean berezko lekua izan daitekeela badakiten arren, horrek sortzen duen zorabioa nahiko kaltegarria izan daitekeela erakutsi die esperientziak.

Beharra larritasuna bilakatu ez dadin, armaginek ohitura onei eutsi beharko diete. Hau da, Ipuruan urteetan zehar erakutsi duten sendotasunari eta baita Cordobarekin izan duten harreman emankorrari ere -Andaluziako taldeak ez du inoiz Eibarren irabazi-, horrek bi ibilbide apurtzea ekarriko badu ere, izan ere, Eibarrek bost jardunaldi daramatza garaipenik lortu gabe, eta aurkariak ez du porrotik jaso aste horietan.

Inflexio-puntu hori lortzeko, eta Salamancan eskainitako itxura txarra kontuan hartuta, Carlos Pousok hainbat aldaketa egingo duela aurreratu zuen atzo. Gutxienez bat «lerro bakoitzeko», hain zuzen ere. Hainbat kasutan behartuta, aurreikusitakoa baino hutsune gehiago baitago: Natxo Insak zastada bat nabaritu zuen atzo izterrean eta ezin izango du jokatu, Biel Medina, Pampin eta Codina -azkenean ez du lesioa gainditu- bezala. Carlos Ruben, gainera, azken unera arte egongo da zalantzan, kolpe baten ondorioz hanka minduta baitauka.

Horiek horrela, Tikok Insaren lekua har dezake eta, nafarrarekin batera, Alaña, Cases edota Tokero ere taldean sar daitezke.

Horrekin guztiarekin, Pousok garaipena lortzea espero du. Aparteko larritasunik sentitzen ez badu ere. «Ez da aparteko partida; hiru puntu dira, besterik ez», esan zuen atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo