GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Iruñean euskararen alde egindako lana gozatuko dute gaurko jaialdian

Jaso Ikastolak bigarren aldiz hartuko du gaur Nafarroa Oinez ikastolen eta euskararen aldeko besta handia. Orduko esperientzia lagun, prestaketa arreta handiz egin dute. Arga ibaiari segituz, Euskal Herriko eta munduko hamarnaka kultur ekitaldiz gozatu ahal izanen da jaialdian. Euskara Iruñean zabaltzeko eta milaka euskaltzale Nafarroan elkartzeko aukera paregabea eskainiko du gaur Nafarroa Oinez bestak..

p018_f02_148x088.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Iritsi da, azkenean, euskararen eta Nafarroako ikastolen aldeko besta handia. Iruñeak hartuko du ekimen erraldoi hau, urte osoan zehar bertan egiten duten lanaren erakusgarri. Duela bederatzi urte egin bezala, Jaso Ikastolak prestatu du aurtengo edizioa, eta orduan hartutako esperientzia lagun, hobetzeko guztiak kontuan hartu dituzte, antolaketa ondo zaintzeko. Orduan ez bezala, gaurko egunerako primerako eguraldia iragarri dute, eta prestaketan izan den bezala, ospatzean ere inolako arazorik ez izatea espero dute.

Hainbeste itxarondako Nafarroa Oinez Egunari 10.00etan emanen diote hasiera, besta handi honen nondik norakoak eta Nafarroan euskarak bizi duen egoeraren berri emanez ordezkari politikoek eta Jaso Ikastolako arduradunek egingo duten agurrarekin. Jarraian, inaugurazio xingola moztuko dute ikastolako ikasle diren Fermin eta Idoia Oiz anai-arrebek, gurasoen batzordeko kide eta oro har, Jaso Ikastola berria egiteko buru-belarri lanean aritu zen Fermin Oizen seme-alabek.

Une horretatik aitzinera, Nafarroa Oinez-en aurtengo ibilbidea zabalik izango da. Zazpi kilometro ditu ibilbideak, eta zatirik handiena asfaltaturiko bidea izanen du, baina ingurune berdeaz gozatzeko eskaintzen duen aukera da antolatzaileek nabarmendu duten ezaugarria. Guneei dagokienez, era guztietako kultur ekitaldiz hornitu dituzte sei guneak, eta berrikuntza gisa, jazz eta hip hop doinuei txokoa egin diete gaur estreinakoz. Jaso Ikastolaren kultur aniztasunaren aldeko apustuaren berri ematen du besta antolatzeko orduan izandako irizpideak.

Musika nagusituko da, noski ibilaldian, baina gastronomia hitzordu esanguratsuak ere izanen dira, hala nola: ohikoa den paella erraldoia prestatuko dute Jaso Ikastolako jolastokian; «La Granja» ikastetxean sagardotegiko menua emanen da; eta lehen bi guneen artean txahalki eta txerriki jatea eginen da eguerdian. Ibilbidea alaitze aldera gonbidatu dituzte, besteak beste, nesken txaranga, Sanduzelaiko, Agoitzeko, Barañaingo, Uharteko, Txantreako eta San Fermin peñetako erraldoi eta kilikien konpartsak, Sanduzelaiko eta Barañaingo gaita-jotzaileak, Igandea eta Kukuxtu fanfarreak eta Leitzako txistulariak. Halaber, bluetooth sistemaren bidez ibilbidean zehar egitaraua eskuratzeko aukera izanen da.

Kultur aniztasuna islatzen

Jaso Ikastolan bertan dago lehenengo gunea. Hasieratik izanen da egun osoan nagusituko den musikaz gozatzeko aukera; Barañaingo abesbatzaren emanaldia izanen da lehenik, eta jarraian Mashara taldearen eta «Betizu» saioaren emanaldiak izanen dute lekua Mendebaldea gunean. Ikastola bertan kokatzen da, eta beraz, hori izanen da lehen geldialdia. Ibilbidean aurrera egin, eta beherantz, Miluze zubi ikusgarrira abiatzen da. Landaben industrialdearen parean dauden baratzeen albotik pasatzen da marraztutako ibilbidea, Arga ibaiarekin elkartu, eta hari segituz, ingurune berdeaz disfrutatzeko aukera ematen duelarik. Zubiaren ondoan aurkituko dugu bigarren gunea, eta haren izena hartu du. «Miluze» izena aurtengo Nafarroa Oinez-en leloa bihurtu den mihiarekin lotzen da, bidez batez. Horrez gain, kondairen iturri ere izan dugu zubi hau. Zehazki, Nafarroako erregeen alde borrokatu ziren gudariei zigor gisa mihia moztu zietela esaten da, Iruñetik hegoaldera ateratzeko pasa beharreko lekua izanik, han itxaron zietela azalduz.

Kondairak kondaira, gaurkoan ez dago mihia mozteko arriskurik; alderantziz, beldur hori uxatu eta lotsagabekeriarekin lotzen den mihia ateratzeko keinua egitera gonbidatu gaituzte aurtengo Oinez bestaren antolatzaileek. Horretarako aukera izanen da euskal kulturari eskainitako Miluze gunean: goizean dantza-saioa eginen da bertan, eta 11.30ean Tapia eta Leturiaren kontzertua hasiko da. Trikidantz eta Oskorri bezalako taldeekin gozatu ahal izanen da ere bai, eta 17.00etan, egunak izanen duen emanaldirik jendetsuenetakoa izan daitekeela aurreikusi dutena: Betagarri talde gasteiztarraren kontzertua.

Aitzinera segitu, eta Sanduzelai auzora iritsiko gara, eta hiria eta auzoa lotzen dituen zubiaren ondoan, auzoaren izen bereko gunea aurkituko dugu, munduko kultura ezberdinen isla bihurtuko dena gaur, Jaso Ikastolak zabaldu nahi duen kultura aniztasunarekiko errespetuaren erakusgarri. Txalaparta saioa izanen da gune horretako lehen emanaldia. Jarraian doinu kubatarrek Karibek0 herrialdera eramanen gaituzte, goiz-goizetik dantzarako gogoa barneratzeko. Capoeira ikuskizuna izango da eguerdian, eta musikarekin segituz, Korsikako kultura ezagutzeko aukera izanen da bertako L'Arcusgi abesbatzaren saioan. Gero, musika zelta, perkusio afrikarra, Boliviako kantu eta dantzak, eta bertokoa izan arren Mexikoko musika ardatz duen Chuchin Ibañez izanen dira Sanduzelai gunean. Nabarmentzekoa da gune honen ondoan izanen dela aurten berrikuntza den Jazz Txokoa. Egun osoan hainbat talderen emanaldiez gozatu ahal izanen dute musika honen maitaleek.

Arga ibaiari segituz marraztutako ibilbideak ibaiaren izena hartu duen gunera eramango gaitu. Euskal Herriko gazteei eskainitako eremua da, bertan arituko baitira Hautsi, Memo, Ezinean, Kerobia, Hesian, Azken Hatsa, Akatu eta Esne Beltza taldeak. Gainera, bestelakoez ere gozatu ahal izanen da: aurreko gunean jazzaren maitaleak bilduko diren eran, hip hoparen jarraitzaileen topaleku izanen da Arga guneko Hip Hop Txokoa. Kultura horretan ohikoak diren breakdance eta graffitien erakustaldiek osatuko dute kontzertuen emanaldia.

Arga ibaia gurutzatu eta hiriko erdigunean sartuz, Biurdana gunean, Artzai Txakurren erakustaldia izanen da 11.00etan. Pailazoak, haurrentzako herri-kirolak, antzerkia eta beste hainbat jarduera izanen dira, hala nola: Jarauta 69 Alde Zaharreko fanfarre arrakastatsua, Jalisko Band eta aurtengo Nafarroa Oinez-en abestiari doinua jarri dion Gozategi taldea.

Donibane da seigarren gunea; Nafarroako Jotak, herri-kirolak, albokariak eta kale-ikuskizuna izanen dira. Nabarmentzekoa da 13.00etan leku horretan izanen dela Gwibdaith galestarren kontzertua. Gaelikoa da beraien abestietako hizkuntza, eta antolatzaileek Nafarroa Oinez-era gonbidatu dituztenez, Galeseko kultura ezagutzeko aukera paregabea izanen da gaur Iruñean.

2.600 lagun

Nafarroa Oinez-en ibilbidea prestatzen 500 lagun inguru ibili dira. Gaurko egunean beste 1.500-1.600 lagun arituko dira borondatez lanean, eta bihartik aitzinera, biltze lanetan, beste 500. Guztira, 2.600tik gora esku lanean jarriko ditu.

b plana

Duela bederatzi urte gertatutakoaren ondoren, tentu handiz prestatu dute Jaso Ikastolakoek gaurko besta; eguraldia lagun izanen dute, baina badaezpada bigarren gunean 2.000 metro karratuko karpa prestatu dute euritik babesteko.

haur eskolak

Pairatzen ari diren utzikeria salatzeko, Iruñeko Haur Eskolak Euskaraz plataforma sinadurak biltzeko kanpaina egiten ari da azken hileetan. Jada 3.000 bildu dituzte, eta gaur Oinez-en ibilbideko 1. eta 5. guneetan izanen dira, informazioa zabalduz eta sinatzeko aukera eskainiz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo