«Orain arteko bereziena, jendeak egin didan harrera ona izan da»
Athleticeko jokalaria
Zumarraga (1988). Abuztuaren bukaeran Zubietan entrenatzen zebilen Realaren bigarren taldearekin. Orduan heldu zitzaion bere bizitzako aukera, Athleticek bera kontratatzeagatik gipuzkoarrei milioi bat euro inguru ordaintzerakoan. Azken bost norgehiagokak hasieratik jokatu ditu eta Sevillaren kontrako partida salbu, gehienetan itxura oso ona eman du talde zuri-gorriko ezker hegaleko berriak.
Beñat ZARRABEITIA |
Zinemazalea da Mikel Balenziaga. Berriki «La Momia» filma ikusten dezente aspertu dela aitortu digu. John Boyne irlandarraren «Pijama marradunaz jantzitako mutikoa» eleberria asko gustatu zaionez, orain filma ikustera joan gura duela diosku, pantaila handirako moldaketa nola geratu den jakin-minez dagoelako.
Udan bere herriko jaiez gozatzen du, eta udazkenean ederki moldatzen ari da berdegunean. Kasik goizetik gauera Bigarren B mailan aritzetik izarren Ligara jauzi egin duen gaztea GARArekin egon zen ostegunean.
Zenbat aldatu den zure bizimodua azken bi hilabete hauetan!
Bai. Egia esan dena oso azkar joan da, baina oso gustura nago Athleticen, eta eman didaten aukera hau aprobetxatzeko gogo handiarekin.
Egoeraz jabetu al zara erabat?
Bai. Lehenengo hiru asteetan, gertatzen ari zitzaidana oraindik sinistu gabe nenbilen. Oso aldaketa handia izan zen, jada egin naiz horretara, baina guztia erabat sinesteko oraindik apur bat falta zait.
Eta zer izan da denbora honetan deigarrien egin zaizun gauza?
Tratua. Lehen egunetik oso ona izan da jaso dudan tratua, eta hori izan da niretzat bereziena. Bai aldagelan, bai hemengo jendeak emandakoa, klubaren barruan zein kanpoan.
Bost partida jokatu dituzu jada. Zer-nolako balorazioa egiten duzu zure parte-hartzeaz?
Nire ustez hasiera nahiko ona izan dut. Zelai barruan nahiko gustura sentitu naiz, eta lan egiten jarraitu behar dut hamaikakoan jarraitu ahal izateko.
Azkeneko partida ez zen batere ona izan...
Ez zen ona izan, ez... Aparte utzi behar dugu Sevillakoa. Han gertatutakoa ahaztu behar dugu. Zaila da, baina jada pasatu da, eta atzean utzi behar dugu.
Bartzelonaren kontra erronka polita daukazue taldeak berriz ere adorea hartzeko.
Bai, bai. Ekipoarentzat oso garrantzitsua izango litzateke emaitza positibo bat lortzea. Hiru puntu dira, betiko moduan, baina Bartzelona baten kontra puntuak lortzea, beste partidaren baten lortzea baino gehiago estimatzen da.
Asko ari dira esaten Messi agian ez dela hamaikakoan izango. Baina, aritzen ez bada, haren ordezkoa ere kalitate handiko jokalari bat izango da.
Messik ez badu jokatzen, haren mailako beste bat izango da. Bartzelonak ez ditu soilik 11 futbolari, 18 ditu, eta oso onak.
Ailegatu zinenetik konturatuko zinen jendeak luparekin begiratzen duela Athleticen ezker hegalekoaren jarduna. Koikiliren egoerak hautsak harrotu ditu, zuk sumatzen al duzu presiorik?
Bueno, ni hona beste edozein bezala etorri naiz. Nire buruan dagoen gauza bakarra lan egitea eta Athletici ahal dudan gauza guztietan laguntzea da.
Bukatzeko, zer eskatzen dio Mikel Balenziagak hasi berria den denboraldi honi?
Nire helburua orain Liga hasi dudan bezala amaitzea da. Hortik aurrera, nire ustez, oraina bizi behar da. Alde batetik, egunerokoan emaitzak lortu ahal izateko eta, bestetik, geroan, landutakoa jasotzeko.