GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Biarritzek egin beharrekoa ongi bete du Calvisano talde ahularen aurka

BIARRITZ 41

CALVISANO 10

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Biarritzek atzo garaipena eta puntu gehigarria behar zituen, amaieran 5 puntu batu ahal izateko, eta zuri-gorriek ez zuten hutsik egin, ez baitzuten italiarren errukirik izan, eta amaieran astindu handia eman zieten.

Lehen partida galdu ostean, atzokoan ezin zuen hutsik egin, eta egin beharrekoa ongi bete zuen. Etxekoak askoz ere gehiago izan ziren, baina lehen zatian dezente kostatu zitzaion kanpotarren atzealdea gainditzea. Lehen entsegua 14. minutuan lortu zuten, baina ordu erdia bete arte ez zuten bigarrena gauzatzerik izan, eta lehen 40 minutuetan ez zen besterik izan.

Bigarren zatian, etxekoek erasora jo zuten lehen minututik. Garaipena segurtatuta zuten, Calvisano ez baitzen ia zelai erditik ere pasatzen, eta erasoko puntuaren bila abiatu ziren, eta hori lortzeko ere ez zuten arazorik izan, bigarren zati honetan Biarritz bakarrik izan baitzen berdegunean. Zuri-gorrien multzoko beste partida gaur arratsaldean jokatuko dute Cardiffek eta Gloucesterrek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo