GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Gari Mujika Kazetaria

Krisia baino, hipokrisia galanta

Krisia gora eta krisia behera. Ez da besterik entzuten azkenaldian. Horren inguruan aritu zen gure poltsikoetatik 200.000 euro jaso zituen Al Gore ere. Baita berari adi-adi entzuten aritu ziren agintariak ere; bai, herritarron poltsikoetatik dirua kendu eta banku pribatuei milioika euro eman dizkieten horiexek. Krisia zetorrela-eta guztiok ordaintzen dizkiegun soldatak legegintzaldi berria hastearekin inolako lotsarik gabe igo zituzten udal eta foru agintari horiexek. Eta pozik agertu zen, gainera, gipuzkoarrek Barack Obama baino gutxiago ezagutzen duten Markel Olano ahaldun nagusia. Herrialdean, makina-erremintaren sektorea indartsu dagoela-eta, pozik. Giza eskubideak goraipatzen dituen beasaindar ezezaguna egunak joan eta egunak etorri Afrikan zein Asian heriotza gehiago eragiten dituzten pertsonen aurkako lehergaiak zentimo xixtrin batzuen truke egiten dituen herrialdeko burua da. Guda beti izan da negozio itzela; batzuentzat.

Hitzei sinesgarritasuna, ordea, ekintzek ematen diote. Hala, joan den ostiralean, Gasteizko Legebiltzarrak Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako epaia errefusatzen zuen proposamena onartu zuen. Ilegalizazioen aurka, guda zikinaren aurka, euskal presoen sakabanaketaren aurka... makina bat proposamen onartu dituzte azken urteotan. Baina errealitatea tematia eta denen miseriak biluzteko tresna aparta izaten da.

«Probetxua atera eta Espainiari egonkortasuna» emango dion aurrekontuak adostu ditu EAJk PSOErekin, Josu Erkorekaren esanetan. Iragan asteburuan «egonkortasun» hori lortzeko erakustaldi praktikoa egin zuten Tolosan. Akaso, «egonkortasun» desberdinaz ari gara? Tolosakoa, segur aski, aurten dagoeneko birritan, Madrileko Kongresuan, Espainiako Indar Armatuei erakutsi dieten mirespenaren eta babesaren ondorioa izango da, edota Gasteizen onartu zuten proposamenaren segida? Eta Espainiak euskal abertzaletasunari neurria hartua diola esaten du Egibarrek... Euskal Herriak, zoritxarrez, krisi gehiegi bizi ditu. Gauzei bere izenez ez deitzea horietako bat da. Egunotakoa, krisia baino, hipokrisia galanta izan da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo