GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Frantziako Kopa

Lehian ziren bi euskal taldeek hurrengo kanporaketa ere jokatuko dute

Jon LEUNDA | BAIONA

Aviron eta Genets, Frantziako kopako bosgarren kanporaketan ziren bi euskal taldeek, hurrengoa ere jokatzeko modua egin dute, nahiz eta egoera oso ezberdina bizi izan duten.

Baionarrek ez zuten arazorik izan sei maila beherago dagoen Saint Sulpice et Cameyrat taldeari 2-6 irabazteko, baina genets Angelukoak 2-2 berdindu ostean, penaltiei esker kanporatu du hiru maila beherago dagoen La Brede.

Bosgarren kanporaketan sartu dira N1 Mailako taldeak, beraz lehen kanporaketa zuen talde zuri-urdinak. Sei maila apalagoko talde baten aurka jokatu behar, eta partida bakarrera izaten denez Frantziako Kopa, kanpoan jokatu behar.

Minuturik gutxien izaten duten jokalariek izan zuten jokatzeko aukera. Lehen zatian, ordea, oinez jokatu nahi izan zuten, eta etxekoek ez zuten barkatu, eta 1-0 aintzineratu ziren. Atsedenaren ostean, ordea, konturatu ziren korri egin beharra zegoela irabazteko, ete lehen hamar minututan hiru gol egin zituen Avironek eta kanporaketa erabakita utzi zuen.

Honako hauek jokatu zuten Lapurdiko hiriburuko taldean: Ximun, Dosantos, Laporte, P.Lalane, Degoul, Perali, Lacroix (Giron, 46.m), Lestage, Amieux, Buyoyo (Gavernia, 57.m) eta Poueys (Benamara, 57.m). Poueysek bi gol egin zituen, eta besteak, berriz, Lestagek, Gironek eta Amieuxek lortu zituzten.

CFA Mailan dabilen Genetsek arazo gehiago izan zituen hiru maila beherago dabilen La Brederen aurka, 2-2 berdindu baitzuen.Bi aldiz izan ziren aurretik, baina azkenean luzapena eta penaltiak jokatu behar izan zituzten. Hamaika metrotatik euskaldunak hobeak izan ziren, eta 5-3 irabazi zuten.

Hauek jokatu zuten: Cherreau, Dubroca, Van Reusel, Spreng (Gregori, 62.m), Laborde, Sabathier, Delavier (Darbon, 63.m), Louit, Sautier, Berhondo eta Lefevre (Barsacq, 76.m). Laportek eta Labordek egin zituzten golak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo