GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Kronika | Ógra Shinn féineko ordezkaritza Euskal Herrian

Irlandaren Batasuna helburu, egun arazo sozialak dituzte hizpide gazteek

Joan den ostegunean iritsi ziren eta asteazkenean utziko dute Euskal Herria Ógra Shinn Fèineko hamasei kideek. Irlanda iparraldetik hurbildu dira gazte independentistek egindako gonbitari erantzunez. Batzuen eta besteen arazoei eta borrokei buruz gogoeta egin eta eztabaidatzeko baliatu dituzte egunok.

p014_f02_39387.jpg

Gari MUJIKA

«Hamasei kide etorri gara Irlandatik. Euskal gazteen arazoak ezagutu ditugu. Gure esperientziatik zuek ere ikastea eta guk zeuenetik ikastea bilatzen dugu, baina helburu bakarrarekin: gure borroketan elkarri laguntzea». Horrelaxe laburbildu zuen atzo Donostiako Ibaetako unibertsitate campusean hitza hartu zuen Ógra Shinn Fèineko ordezkariak. Alboan, gazte independentisten ordezkari gisa Jon Telleria zuela, batzuen eta besteen errealitateaz jardun zuten biek bertaratutako hamarka lagun aurrean zituztela.

Askapen borrokaren erdian jaio ziren Irlandako gazteok, beren herrialdeetara bakea ekarri nahi duten akordio politikoen garaiotan, aitzitik, borrokan jarraitzen dute. Orain, Irlanda ezkerretik eta askatasunean eraikitzeko borroka baitute egiteko.

Arazo sozialak hizpide

Londresko Gobernua tarteko, errepublikarren eta unionisten arteko akordioak hizpide izan arren -adibide gisa, Irlanda osorako erreferenduma egitea aipatzen dute-, bestelako arazo sozialek gidatzen dituzte orain Ógra SF-en borrokak.

Gatazka politikoaren baitan, Irlanda, sozialki ere -batik bat, uhartearen iparraldeko sei konderriak- «oso polarizatuta» egon dela azaldu dute eta errepublikarren eskubideen urraketak etengabeak izan direla nabarmendu zuten. Etxebizitza eskubidea ere hor kokatzen dute, langabezia tasa altua eta prekarietatea bezalaxe. Aitzitik, egun, bestelako kanpainak jarri dituzte abian Ógrako gazteek.

Orain hamar urteko «Ostiral Santuko akordioa» sinatu zenetik, Irlandako gazteen artean suizidio tasa hiru aldiz biderkatu dela aipatu dute. Suizidioen arazoa dute, beraz, lehentasunezko borroka. Gizartean dauden arazo desberdinak medio, egiturazkoa den arazotzat jotzen dute eta ez arazo pertsonaltzat. Horrenbestez, prebentzio ikastaroak antolatzen dituzte, gizartearen erroko arazo gisa hartuta.

Drogen arazoari ere heldu diote, azken urteotan arazoa nabarmen larritu dela-eta, auto-istripuak bezalaxe. Gazte asko auto-istripuen ondorioz hiltzen dira eta arlo hori ere lantzen ari dira. Horiez gain, noski, uhartearen desmilitarizazioa edota hizkuntzaren inguruko aferak dituzte euren borroken artean.

Oro har, bake-akordioen bermatze lanetan ere badihardutela aipatu dute Irlandako gazteek. Hala, 2006an izandako hizketaldietatik Irlanda iparraldeko polizia indarren ardura errepublikarrek izatea ezinbesteko pausoa izan zela ekarri dute gogora, nahiz eta egun blokeo politikoa egon. Izan ere, akordio hauen gako nagusienetakoa, gauza guztietarako errepublikarren eta unionisten arteko adostasunaren beharra baita. Hitz egitea da, beraz, desberdinen arteko elkarrizketa, Irlandako egungo politikagintzaren halabeharrezko ezaugarrietako bat.

Esparru horietan, eta egoerak iraultzeko unean, erlijioak betetzen duen paperari buruz galdetu zuen entzule gazte batek, -alegia, errepublikarrak katolikoak direla eta unionistak protestanteak-. Erantzuna berehalakoa izan zen: «Irlandako gazteen sekularizazioa ere gure borroketako bat da».

Irlandara, Euskal Herriari buruz komunikabideen bidez informazio gutxi eta erabat manipulatua iristen dela salatu zuten Ógrako kideek. Halere, euskal gazteekin hartu-eman handia dutenez, Euskal Herriko egoerari buruz informatzen aritzen direla azaldu zuten. Hala, aste honetan ikusi dutena ere azalduko dute beren herrialdera itzultzen direnean: Gasteiz, Baiona, Bilboko okupazioaren mugimendua, ikasle mugimendua.... denetarik ikusi baitute, ostegunetako ikasleen gau famatuak barne.

Nahiz eta ez diren bertan egongo, larunbat honetan Hernanin ospatuko den Independentzia Egunaren zergatiaren eta garrantziaren gainean aritu zen Jon Telleria. Irlandarrak ez, baina entzule gisa zeudenak ziur Hernanin izango direla.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo