GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Heineken Kopa

Cardiff bihurtu da Biarritzen aurkaririk gogorrena, Gloucester menderatu ostean

p039_f02.jpg

Jon LEUNDA | BAIONA

Cardiff bihurtu da Biarritzen aurkaririk gogorrena, herenegun mendean hartu baitzuen Gloucester, 37-24, eta multzoaren buruan jarri da. Gainera, erasoko puntu gehigarria ere lortu zuen Galesko taldeak, eta 10 puntu ditu une honetan.

Biarritz da multzoko faborito nagusia, baina lehen jardunaldian Gloucesterren zelaian galdu izanak gauzak okertu zizkion. Larunbatean ordea, Calvisanorekin ez zuen hutsik egin, eta une honetan sailkapeneko bigarren postuan dago 5 punturekin, erasoko puntu gehigarria ere lortu baitzuen. Horri esker dago, gainera, bigarren postuan, izan ere, Gloucester baitago hirugarren 4 punturekin. Calvisano azken postuan dago punturik gabe, eta aurrera egiteko inongo aukerarik gabe.

Orain, ordea, lehiaketa eten egingo da, eta abenduaren 6an abiatuko da berriz ere. Egun horretan izango du talde zuri-gorriak lehen postuan jartzeko aukera, baina horretarako Galesen irabazi beharko du, eta baita puntu gehigarria lortu ere. Hori lortu ez arren, garaipenak asko gozatuko luke bidea.

European Challengen, berriz, garbi dago Saracensek lortuko duela lehen postua Avironen multzoan, ezuste handiren bat ez bada. Bigarren jardunaldian ere erraz irabazi zioten Viadanari (12-35) eta sailkapeneko lehen postuan daude 9 punturekin. Atzetik Aviron eta Viadana daude 4 punturekin, eta azkena Stade Montois punturik ez duela. Abenduaren 6an itzuliko da lehiaketa hau ere, eta talde zuri-urdinak Saracens talde ingelesaren aurka jokatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo