GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

PILOTA Lau eta Erdiko Txapelketa

Aresoko gazteak Leitzako txapelduna kanporatu du

Mikel Olazabalek joko ikusgarria eginda menderatu du Oinatz Bengoetxea, eta Kokaren aurka neurtuko ditu indarrak final-zortzirenetan. Aresoarrak 22 urte ditu eta Lehen Mailako kaiolan lehen parte-hartzea du.

p040_f02_444x444.jpg

BENGOETXEA VI 16

OLAZABAL 22

Asier AIESTARAN | TOLOSA

Arratsaldeko bost eta erdiak. Tolosako Beotibar pilotalekura jende asko hurbildu da, batez ere, Leitzatik eta Aresotik. Oinatz Bengoetxea buruz buruko txapeldunaren garaipena ziurtzat jotzen dute denek, baina Mikel Olazabal Aresoko mutil gazteak eman dezakeen maila ikusteko gogoa ere nabari da zaleen artean. Lehen sakea, gainera, Mikeli egokitu zaio. «Aupa mutil, ea zertarako gai haizen!», entzun da harmailetan. 17.42ak dira partida hasi denean.

Olazabal sekulako bizitasunarekin hasi da, pilota bizi-bizi mugituz, eta sakearekin egiten duen mina baliatuz -hiru sartu dizkio Bengoetxeari- 0 eta 7 aurreratu da markagailuan. Sei minutu bakarrik pasa dira, Oinatzek eskatutako lehen atsedena barne, baina gauzak asko aldatu dira bi protagonistentzat. Hori bai, dirua oraindik erabat Oinatzen alde. «Ongi ari duk mutila, baina...», dio jendeak.

Bengoetxearen lehen tantoa ikusgarria izan da, dejadaz lortua izan delako eta partidako tantorik gogorrenean iritsi baita. Bigarrena pilota zabalduz egin du eta hirugarrena sakez (3-7). Badirudi Olazabalen ametsa amaitu dela eta dena bere onera itzuliko dela. «Normala duk», esan du leitzar batek.

Baina Olazabal ez dago jolaserako. Bere pilota ateratzen duen bakoitzean nagusitu egiten da aurreko tiki-taka bihurrian eta tantoa bere alde erortzen da. Sakez beste bi egin ditu, zabalean dejadaz ere beste pare bat eta Oinatz bi aldiz harrapatu du txokoan erabat salduta. Ordu erdira heltzen ari gara, markagailuak 6 eta 15ekoa erakusten du eta dirua lehen aldiz parean da. Hirugarren partida jokatzeko zain dauden pilotariak ere aho-zabalik daude Olazabali begira.

Oinatz aldageletan

7 eta 15ekoan Oinatz aldageletara sartu da. Ez du denbora gehiegirik eman bertan eta badirudi ez duela inolako lesiorik. Orduantxe jokatuko ditu bere tantorik onenak, pilota luzatu eta Olazabal frontisetik urrun egotera behartuz. Sakez hiru tanto segidan egin ditu eta markagailua parekatu egin du (15-13). «Normala duk», dio berriz ere leitzarrak irribarretsu. Ez du lezioa ikasi.

Urduritasun apurrik gabe, Olazabalek bere jokoa atera du berriz, sakez, txokoan nahiz zabalean tantoak eginez. Zuzenean 21era joan da eta miraria gertatzear da. Oinatz 16ra hurbilduko den arren, zabalera bidalitako pilota batek eman dio amaiera neurketari. 18.31ak dira eta ordu bete lehenago inork espero ez zuena gertatu da. Aresoko gazteak Leitzako txapelduna menderatu du eta orain inork ez du alferrikako komentariorik egiten. Zorionak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo