Oteiza edo hutsunea hutsaz betetzeko artea
Duela ehun urte jaio zen, Orion, Jorge Oteiza eskultorea. Eskultura bere sormen ikaragarria bideratzeko hautatu zuen jarduera nagusia izan baitzen, eta joan den mendeko sortzaile handienetako bat ezagutarazi zuen. Ehun urte joan dira Jorge Oteiza artista, pentsalaria, profeta... mundura jaio zenetik, eta oraindik ez zaio ezagutu, ezta hurrik eman ere, heriotzarik, ahanzturaren heriotzarik.
Hutsa begien bistan jarri zuenak, hainbat artista, pentsalari eta formaren ikertzaileren erreferentzia izan zen eta denak, artearen bidez euskal arima eta euskal pentsaera bilatu zuen, euskara zubi, historiaurrean. Jurgi San Pedrok gaur Oteizaren gaineko bere artikuluan dioen bezala, «euskal imaginario kolektiboaren birsorkuntza izan zen haren fronte politiko behinena», kultura ofiziala Oteizaren dimentsioa sinplifikatzen saiatzen den arren, haren obraren gestioa askotan berak nahi izango zukeenaren alderantzizkoa den arren. Gaur ekitaldi asko egingo dituzte artista omentzeko. Haietan denetariko jendeak hartuko du parte, batzuek gizona maite zutelako, edo artistaren tamaina aitortuta, haren obrak, oro har, herri honetan izan duen eragina ikusten dutenak, eta baita berak hain sutsu maiseatu zuen kultur politikaren ordezkariak ere. GARAren lehen orrialdea egunero artista oriotarraren logoak edertuta kaleratzen bada ere, gaur ohi baino oteizar eta Oteizazaleago agertzen da ehungarren urteurren honetan, artistaren heriotzaren ondoren egunkari honek argitaratu zuen gehigarri monografikotik hautatutako artikuluak eta elkarrizketekin osatutako liburuko («Jorge Oteiza. Profeta y conspirador») profeta eta konspiratzailearen begirada bere egin nahian.
Beste modu batez begiratzen irakatsi zuen pentsalari eta poetak, gizon polemikoak utzi zuen hutsunea, paradoxa ederrean, bere obra erraldoiaren hutsek betetzen dute. Espazioa harrotu eta euskal arteari, arteari alegia, harrotasuna eman baitzion.