GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrena

Jorge Oteizaren baitan bildutako pertsonaia guztiak, miretsiak

Hamaika hitz erabili zituzten atzo Oteiza definitzeko: ausarta, berritzailea, handia, probokatzailea... Juan Jose Ibarretxe lehendakariak esan zuenez baina, titulu asko jarrita ere, «Oteizaren ekarri guztia harrapatzeko ahaleginean, seguru asko, kale egingo genuke».

p002_f06_97x68.jpg

GARA | DONOSTIA

Jorge Oteizaren mendeurrena ospatzeko Donostiako Miramar Jauregian jarri zuten hitzordua erakundeetako ordezkari eta eskultorearen lagun eta familiartekoek. Hamaika pasadizo eta istorio bildu ziren egindako «ekitaldi xumean».

Oskarbi musika taldeak hasi eta bukatutako ekitaldian izan ziren, besteak beste, Markel Olano ahaldun nagusia, Ana Toledo euskaltzaina, Xabier Laka, Migel Angel Lertxundi eta Jose Ramon Landa eskultoreak eta Jesus Altuna ikerlaria.

Hasier Etxeberria idazle eta kazetariak «ahots burrunbatsuaren» presentzia ekarri zuen gogora; beti haserre agertzen zen Oteizak bere herria gabe ezin zuela aurrerapausorik eman aipatu zuen. Omenaldian Nestor Basterretxeak bien arteko pasadizoak kontatu zituen. «Jokabide espontaneoa zuen, ordu bat edo beste izan, Jorgeren izaera aldatu egiten zen» aitortu zuen baina, hala ere, «hutsean bizitza dagoela erakutsi zigun».

Ricardo Ugarte eskultoreak ere Oteizarekin lan egin zuen eta oriotarra «poliedrikoa eta detonagailu kulturala» izan zela aipatu zuen. Azkarate sailburuak, hain zuzen ere, hori azpimarratu zuen, Oteiza «lurrikara kulturala» izan zela. Julia Otxoa poetaren hitzetan, berriz, eskultorearen aurpegi poetikoa. Azpimarratu nahi izan zuenez, «Oteizari egin ahal zaion omenaldirik onena bere lana ezagutzea da: poesia irakurri, eskulturak bisitatu...».

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak «halako ekarria eman duen gizona titulu bakar batean biltzea oso zaila» dela aipatu zuen. «Mitologitzaile, eragile, berritzaile,... hala ere, kale egingo genuke Oteizaren ekarri guztia harrapatzeko ahaleginean, ahaztu egingo bailitzaiguke, esaterako, `lurrikara' bezalako termino bat».

Aipagarria da, Oteizaren lankide eta adiskide handi den Basterretxeak esandakoa: «Agur, querido Jorge, agur!»; hitzak soberan daude.

Oriotik Bilbora, Oteiza oroituz

Eskultorearen jaioterria, Bilbo, Iruñea, Donostia... hamaika hirik gogoratuko dute gaur Oteiza. Orion 19.45ean eskainiko dioten ekitaldian bere omenez ezarrita dauden oroigarriak bisitatuko dituzte. Ekitaldian izango dira gainera, Carmen Oteiza, artistaren arreba, eta Begoña Eguren, Oteiza azken egunetan zaindu zuen emakumea. Liga Asamblearia Antifascista-k ere Orion oroituko du Oteizaren «giza duintasuna», poesia irakurketa saioa eginez.

Eskultorearen bizileku izandako Zarautz ere omenaldira gehitu da, bihar ospatuko baitute Oteizaren Eguna. Goizean, Joaquin Dols Rusiñol Oteizaren inguruan espezializatutako Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea eta Begoña Intxaustegi pintore eta muralistaren eskutik «Bufanda Gorria» emateko ekitaldia izango da 12.00etan udaletxeko batzar aretoan.

Bizkaiko Arkitektoen Elkargo Ofizialak Oteizak arkitekturarekin izandako harremana aztertuko du bihar «Habla Oteiza» liburuaren aurkezpenarekin. Jorge Oteiza Museo Fundazioak antolatuta, berriz, «Oteiza eta modernitatearen krisialdia» biltzarra izango da bihartik ostiralera Iruñeko Nafarroako Museoan. Berrehun partaide izango dituen zikloa Vincenzo Vittieloren «Oteiza eta bere garaiko pentsamendua» hitzaldiarekin hasiko da. Donostiako Kubo-Kutxa aretoan, bestalde, igandera arte ikusgai da «Oteiza. Izan eta izango» erakusketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo