Marine Pueyo eta Xanti Kiroga Ezker abertzaleko kideak
Eskolak euskalduntzeko, euskara ofiziala!
Herri askean herritar askeak heziko dituen hezkuntza eredua nahi dugu
Oinez badakigu, euskaraz ere bai... halaxe dio ospatu berri den Nafarroa Oinez-eko kantak. Irakurketa ezberdinak egiteko beta ematen du, dudarik gabe, baina guretzat bi argiak dira; bata, Nafarroan euskararen aldeko egun asko ospatu behar izan direla eta izango ditugula euskaraz ikasten, gure buruak zein herria euskaldundu nahi badugu. Eta bigarrena bide hori oztopoz eta sasiz betea izango dugula.
Nafarroan euskarak, gure nortasun eta izatearen oinarriak, eraso anitz jaso ditu. Euskara eta euskal kultura mespretxatu egiten dute, gure identitate propioaren oinarriak desagerrarazteko asmoz.
Nafarroako Gobernuak hainbat eta hainbat herritarren arteko bereizketa legez bultzatzen du, bizi diren zonaldearen arabera eta, ondorioz, euskaraz ikasteko eskubidea ere urratua dugu. Legeak ezarritako eremu euskalduneko ikasleek euskaraz gaitasun egokia lortu behar dutela adierazten badu ere, hori betearazteko ezarri zuten legeriak kale egiten du, ezarritako hizkuntza ereduen politikak aukera ematen baitu irakaskuntzan euskara irakasgai gisa besterik ez egotea. Legez ezarritako eremu ez-euskaldun eta mistoan egoera are larriagoa da, ikasleek euskararekin inolako harremanik ez izateko aukera arautua baitago. Bestetik, halabeharrez eremu pribatuan kokatzen diren ikastolei jartzen zaizkien oztopoak agerikoak dira.
Hortaz, ez da horren harrigarria euskara hizkuntza ofiziala izanik, Nafarroa osoan ikasteko eskubidea bermatua ez egotea eta, aldiz, ingelesa hizkuntza ez-ofiziala izan arren, Perez-Nievas jaunak Nafarroan ikasteko aukera bermatu nahi izatea. Euskal irakaskuntzak gora egin du azken urteotan, baina Nafarroako Gobernuak hezkuntza eta hizkuntza politika egokiak berbideratu ditu halako fenomenoa Nafarroa osoan gehiegi barreiatu ez dadin, formula eta aitzakia ezberdinak erabiliz, hala nola, modernitatea, hezkuntza kalitatea, Europako markoari erreferentziak eginez.
Garaiak ez dira horrenbeste aldatu, gogoan dugu orain dela 25 bat urte euskarazko irakaskuntzaren alde abiatutako lana, negu gorrian argi zuria. Ikastolen mugimenduaz ari gara, eta gaur oraindik ikastolek euskalduntzearen bidean eguneroko lanetan sutsuki dihardute. Argi dugu euskal irakaskuntzaren alde egin diren urrats guztiak garrantzitsuak eta ezinbestekoak izan direla belaunaldi euskaldunak sortu eta eraikiko dugun hezkuntza eredu propioan urratsak emateko.
Herri askean herritar askeak prestatuko dituen hezkuntza eredua nahi dugu, errealitate linguistiko, kultural eta sozio-ekonomikoen beharrei erantzungo dien hezkuntza eredua. Herritar zuzen, autonomo, kriteriodun eta kritikoz osaturiko Euskal Herri euskalduna erdiestera bideratutako hezkuntza eredua. Aukera berdintasunean, parekidetasunean eta justizia sozialean oinarritutako jendartea eraikitzeko balioak landu eta garatuko dituen hezkuntza eredua. Eta horren alde lan egingo dugu geure eskura ditugun bitartekoak egunez egun aplikatuz, hezkuntza politika berria ahalbidetuko duen aldaketa politikoaren alde, euskaraz biziz, euskararen aldeko ekimenetan parte hartuz, iragan igandean Nafarroa Oinezen parte hartu genuen bezala.
Nafarroa dugu bihotz-begietan, oinez badakigu, euskaraz ere bai, Iruñea erdian ere atera ezazu mihia! Eskolak euskalduntzeko, euskara ofiziala!